Hizkuntza baten hedapenerako ezinbesteko tresnak dira hedabideak, herritarren bizitzan duten garrantzia dela eta. Hedabideen arloan presente izanez, euskara gizartea osatzen duten eremu ezberdinetan sartzen da. Hedabideei esker, euskara egunerokotasunean entzungai, ikusgai eta irakurgai da. Hori dela eta, hedabideak hizkuntza antolamenduaren elementu saihestezina dira.
Gaur egun, ipar Euskal Herriko hedabideetan euskararen presentzia garatzen ari da, euskarazko hedabideak garatzen ari direlako, baita gehienbat frantsesez jarduten duten hedabideetan euskarari ematen zaion lekuari esker ere.
Hala ere, hedabideetan euskararen presentzia eta erabilpena garatzeko politikek eta gogoek, euskaldun profesionalak kontratatzeko zailtasunekin egiten dute topo.
Urgentzia, beraz, formakuntzan da. Ondoko urteetan euskarazko eduki mediatikoen garapena ahalbidetuko duten euskaldun profesionalak formatu beharrean gira.
Euskararen aldeko politika publikoaren bultzatzaile gisa, EEPk lurraldeko hedabideak biltzen dituen lantalde bat sortu zuen. Beharren identifikazio lan baten ondotik, agerian gelditu zen datozen urteetan lurraldeko hedabideek kazetari euskaldunen behar handia ukanen dutela.
Egiaztapen horretatik abiatuta eta konponbideak atzemateko helburuarekin, EEPk bilkurak burutu ditu hiru unibertsitaterekin: Ipar Euskal Herrian presente den unibertsitate publikoa Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea (UPPA), kazetaritzari buruzko euskarazko lizentzia bat proposatzen duen Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), eta Akitania Berria eskualdean kazetaritza lanbideak aitortutako kazetaritza eskola bakarra Bordele-Akitania Kazetaritza Institutua (IJBA), Bordele-Montaigne Unibertsitate Publikoari (UBM) atxikia.
Hedabideekin eta unibertsitateekin hainbat trukaketa egin ondoren, Unibertsitate Diploma (UD) bat sortzea erabaki da, «Kazetaritza euskaraz» izenekoa. 2023ko irailean ikasturteari ekin dio 11 ikasle-aprendizekin. Pozteko berria da! 2025eko udan bukatuko da, eta bi urteak gainditzen dituzten aprendizei euskarazko kazetaritza diploma bat emango zaie, hiru unibertsitateek sinatua eta aitortua.
Alternantzian eginen den bi urteko formakuntza profesionalak, diploma bat eskuratzeko aukera emanen die ikasle-aprendizei. Diploma IJBAk, UPPAk eta EHUk eramanen dute partaidetzan. Formakuntza zikloak hiru eremutan gaitasun hartze bat segurtatuko die ikasle-aprendizei: euskara, kazetari lanbidea eta lurraldearen ezagutza.
Ikasle-aprendizek profesionalizazio kontratu bat izenpetu dute hedabide batekin eta unibertsitateekin. Aprendizek 840 eskola ordu ukanen dituzte bi urtez (420 ordu urteka), Baionan, Bordelen eta Bilbon, eta gainerakoan, kazetari euskaldun gisa ari dira enpresan, profesionalizazio kontratua izenpetu duten hedabidean.
Hedabideen engaiamendua ere azpimarratu behar da, izan ere, 8 komunikabidek parte hartzen baitute, 11 ikasle-aprendiz kontratatuz. Hedabide publikoak zein pribatuak. Engaiamendu horri esker ere Unibertsitate Diploma martxan ezarri ahal izan da.
Modelo ekonomikoari dagokionez, hedabideen formakuntza kutxa den Afdas erakundeak formakuntzaren finantziazioa beregain hartzen du osoki, hots, urririk da ikasle-aprendiz zein hedabidearentzat. Hedabideak aldiz bere langilea den ikasle-aprendizaren lansaria ordaindu behar du gutienez profesionalizazio kontratuan zehaztutako baldintzetan. Hedabide pribatuak laguntzeko xedez, EEPk erabaki du laguntza berezi bat plantan ezartzea ikasle-aprendizak kontratatzeko. Hortaz, hedabide pribatuek EEPren 8.000€ko dirulaguntza eskuratzen ahalko dute UDren koadroan ikasle-aprendiz bat kontratatuz gero.
Hizkuntza politikaren ikuspegitik, proiektu egituratzailea da, izan ere gure lurraldean euskarazko ekoizpen mediatikoen garapen perspektibei modu eraginkorrean erantzutea ahalbidetuko baitu. UD horri esker, kazetari euskaldunen belaunaldi berri baten formakuntza segurtatuko da, belaunaldi berri bat hedabideen sektorean dantzan jarriz. Horrek euskarazko kazetaritza lanaren garapena, eguneraketa eta modernizazioa ahalbidetuko du, zentzu guztietan, baina bereziki eremu digitalean, jakinez eremu digitalak hizkuntza baten eguneroko erabilpenean berebiziko garrantzia duela, belaunaldi gazteen artean batez ere.
Hastapenetik, hedabideak biziki motibatuak ziren proiektuarekin eta EEPren koordinaziopean unibertsitateek proiektua muntatu zutela ikusterakoan, hots, arazoari irtenbide pragmatiko bat emango zitzaiola ikusterakoan, ilusioa nabari zen hedabideek eta EEPk osaturiko lantaldeko bilkuretan. Aldiz, jakinez diplomaren bideragarritasun ekonomikoa ahalbidetzeko gutienez 10 ikasle-aprendiz behar zirela, bi duda nagusi agertu ziren: alde batetik, ea hedabideek 10 lan-kontratu eskaintzeko gaitasuna ote zuten, bi urtez ikasle-aprendizaren lansaria ordaintzeko konpromisoa hartzen baitute, baita bere formatzeko engaiamendua ere; eta, beste alde batetik, jakinez orokorrean hedabideek ez zutela kazetari euskaldun formaturik atzematen nahiz eta lan eskaintza erakargarriak izan, lorgarria ote zen 10 ikasle euskaldun, unibertsitate diplomadun edota lan esperientziadun atzematea.
Lehenik eta behin hedabideen itzulia egin zuen EEPk jakiteko nor prest zen desmartxa horretan inplikatzeko eta emaitzak baieztatu zuen beharra, baita hedabideen konpromisoa ere : 10 hedabidek parte hartzeko engaiamendua hartu zuten eta orotara 13 lan kontratu eskaintzeko konpromisoa hartu zuten. Ikasle-aprendizak atzeman beharra zegoen orduan. Azpimarragarria da Ipar Euskal Herriko euskarazko 5 hedabideek parte hartu zutela dinamikan (Euskal Irratiak, Herria, Hitza, Kazeta, Kanaldude), baita bi hedabide publikoek (France Bleu Pays Basque, France 3 Euskal Herri), Sud-Ouest taldeko TVPI telebistak eta berrikitan sortutako gazteen Bada hedabideak. Ipar Euskal Herrian presente diren hedabide nagusi guziak dantzan sartu ziren beraz. Geografikoki ere barnekaldeko zein kostaldeko hedabideak zirela gogoangarria da.
Buruhauste horri ahal bezain goiz erantzuteko helburuarekin prentsaurreko bat eman zen 2023ko apirilean EEPren egoitzan. Bertan EEPk eta unibertsitateek diploma aurkeztu zuten eta, bereziki, izen emateko deia zabaldu zuten. Prentsaurrekoa unibertsitateek diplomari bide emateko hitzarmena izenpetu aitzin burutu zela ohargarria da. Dudak fitesko joan ziren ordea, prentsaurrekoa egin eta bi asteren buruan hogei pertsona baino gehiagok izena eman baitzuten, eta horietatik hamar pertsona baino gehiagok diploman izena eman ahal izateko baldintzak betetzen baitzituzten. Momentu horretan argi gelditu zen diplomak aitzina egiteko baldintzarik gogorrenak beteak zituela: lan-kontratu eskaintzak eta ikasle-aprendizak.
KANALDUDE
Kanaldude telebista ekoizten duen Aldudarrak Bideo kooperatibak mende laurden bat darama euskarazko telebista-kate partehartzailea garatzen. Formatu ezberdineko ehunka bideo egin eta hedatu ditu webgunearen bidez; izan erreportaiak, kirol, kultur edo gai sozialen inguruko gertakarien baitan egin platoak, artxiboen berraktibazioak, dokumentalak eta fikzioak -gehienetan ko-ekoiztuak- eta abar. Aste guziz, bana beste, kasik 6 ordu fresko ekoizpen eskaintzen ditu Kanaldudek. Webguneaz haratago, 2023az geroztik, 24 oreneko jarioa eskaintzen du telebistan Ipar Euskal Herrian diren lau box hornitzaileeri esker (Orange, Free, SFR, Bouygues).
Azken urte hauetan, 10 lanposturen heina mantentzea lortu du enpresak; hauen barne, mugarik gabeko hitzarmena duten 7 langile eta proiektuen arabera kontratatzen diren noizbehinkako langileak. Denak barne, 17.500 lan ordu ordaintzen ditu kooperatibak.
Horiek hola, hainbat euskal hedabidek bezala, Kanalduden ere formakuntzadun kazetarien beharra nabari zen. Horregatik, Euskararen Erakunde Publikoak eta unibersitateek eskaini duten kazetari formakuntzak interesa piztu du eta 2023ko irailaz geroztik Lorea Mailharancin lantaldean sartu da. Nahiz Kanaldudek ez duen albiste sailik eskaintzen edo eguneroko aktualitatearen jarraipena egiten, kazetarien lana beharrezkoa da editorializatze lan guzientzat.
Pantxika Maitia