Euskarazko komunikabideentzat urte zaila izan da joan berria den 2023a ere. Iazko urtekarian azpimarratzen genuenaren ildotik, pandemiaren ondorioek lehenik eta Europa erdialdean lehertu den gudak eragindakoek gero, asko garestitu dituzte komunikabideen eguneroko jardunerako ezinbestekoak diren hainbat elementu. Papera, argindarra, erregaiak, alokairuak, zerbitzuak... Guztiak egin du gora eta hori azken hamarkadetan komunikazioaren munduak bizi duen eraldaketa prozesu sakonaren erdian.
Testuingurua hori izanik, iaz bezala aurten ere, elkartetik ahalegin berezia egin dugu euskarazko komunikabideentzako baliabide gehiago eskuratu nahian. Izan ere, lehenago ere deialdi desberdinetako diru-poltsak era esanguratsuan handitzeko arrazoiak premiazkoak baziren, are premiazkoagoak dira orain. Ondoren ikusiko dugun bezala, egindako ahalegin horrek eremu batzuetan fruituak eman baditu ere, oro har, oraindik urrun gaude sektoreak erakunde publikoengandik behar duen bultzadatik.
Ohiko dirulaguntza deialdiak eztabaida prozesuan
Euskarazko komunikabideek funtzio estrategikoa betetzen dute euskararen normalizazio prozesuan eta beren ekarpena ezinbestekoa da herritarrek beren egunerokoa euskaraz egin ahal izateko, euskaraz bizitzeko duten eskubidea bermatzeko. Baina era berean, euskara normalizatze bidean den gutxiagotutako hizkuntza denez, euskarazko komunikabideentzat ezinbestekoa da erakunde publikoen laguntza. Laguntza hori gabe nekez egin dezakete aurrera, funtsean, euskal komunitatea behar baino txikiagoa delako eta horrek eragin zuzena duelako komunikazio proiektuek lantzen dituzten diru iturri desberdinetan (hartzaileak, harpidedunak, publizitatea...).
2019an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erakunde nagusiek, Eusko Jaurlaritzak eta hiru Aldundiek dirulaguntza sistema berria adostu zuten sektorearekin, eta sektoreak norabide egokian emandako aurrerapauso garrantzitsu gisa baloratu zuen eredu berria. Sistema berri horrekin joan zen lehen hirurtekoa, 2019tik 2022ra luzatu zena, eta ondoren 2022-2024 aldirako eredu berriak zituen hutsuneak hobetzen ahalegindu ginen, baina azkenean puntu bakarra lortu zen, deialdiko kopuru orokorra % 5ean handitzea. Azkenean gainera, arrazoi desberdinengatik hazkunde hori ez zen hedabide guztietara iritsi.
Azken urteetako bizitzaren garestitzeak gauzak asko zaildu ditu euskarazko komunikabideentzat. Kasu askotan, azken urteetan gertatu diren paperaren, argindarraren, erregaien edota zerbitzu desberdinen garestitzeek ia ezerezean utzi dute 2019an egin zen aurrerapausoa. 2019ko eredu berriak ekarri behar zituen onurak, lan baldintzen hobetzea eta lantaldeen egonkortzea, kolokan daude berriro. Eta honi guztiari, gainera, komunikazioaren munduak azken hamarkadetan bizi duen eraldaketa sakona gehitu behar zaio.
Horregatik guztiagatik, erakunde publikoekin dirulaguntza eredua birpentsatzeko Hedabideen Mahaian prozesu bat jarri dugu abian 2025-2027 aldirako, eta ziurrenik ondorengo hirurterako ere balioko duena. Hori izan da urteko jardunik garrantzitsuenetako bat eta halaxe izango da 2024 honetan ere. Prozesua gidatzeko azpibatzorde bat sortu da eta eztabaidarako gaiak eta egutegia adostu dira.
2025-2027 aldirako deialdia birpentsatzeko prozesu horretan, besteak beste, Innovation Media Consulting nazioarteko aholkularitzaren laguntza eskatu da. Tokiko hedabide batean eta nazio mailako beste batean esperientzia pilotu bana egingo dira, bi komunikabide horiek egungo erronka desberdinen aurrean hobeki kokatzeko eta sektoreak esperientzia horietatik baliagarriak izan daitezken irakaspenak ateratzeko. Era berean, eta aurrez esandakoaren ildotik, bi esperientzia pilotu hauek 2025-2027 deialdirako interesgarriak izan daitezken ideiak ateratzeko ere baliatu nahi dira.
Nafarroan ere 2023an euskarazko komunikabideentzako deialdiaren inguruan hausnartzen hasteko prozesu bat abiatu zen iaz. 2023rako aurrekontuetan ohiko deialdirako % 10 inguruko hazkundea lortu zen, baina oraindik ere deialdira bideratzen den kopurua oso urrun dago Nafarroako euskarazko hedabideen beharretatik. Horrexegatik, bere garaian Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan egin zen bezala, deialdi eredua euskarazko komunikabideen errealitate berrira egokitzeko beharra ikusi da. Euskararen Nafar Kontseiluaren baitan azpibatzorde bat sortu da sektorearen egoerari buruzko txosten bat idazteko eta eragile desberdinei sektorearen beharrak zer-nolakoak diren erakusteko.
Berrikuntzarako laguntzetan aurrerapausoak
Komunikazioaren munduak eraldaketa sakona bizi duen honetan, euskarazko komunikabideek erakunde publikoen laguntza behar dute, beren egitura, jarduna edota eskaintza errealitate berrira egokitzen joateko. Horregatik, sektoretik erakunde publikoei berrikuntza sustatzeko aparteko diru-lerroak eskatzen dizkiegu, berrikuntza eremu guztietan eta etengabe egiteko. Izan ere, teknologia mailako berrikuntza behar da, baina berrikuntza behar da ere hedabideetako gainerako eremuetan, barne antolaketan, lantaldeen kudeaketan, formakuntzan edota egiten den eskaintzan.
Horregatik guztiagatik, 2023an ere, euskarazko komunikabideetan berrikuntza prozesuak sustatzeko baliabide berriak eskuratzen saiatu gara. Iaz bezala aurtengoan ere, foro desberdinetan, erakunde publikoetako ordezkariekin zein parlamentuetako taldeekin egon gara, berrikuntzarako aparteko baliabideak eskuratzeko proposamen desberdinak bideratzen.
Iazko urtekarian azaldu genuenez, Nafarroako 2023ko aurrekontuetan berrikuntzarako 200.000 euroko partida berri bat txertatzea lortu genuen eta 2023a diru hori banatzeko deialdia prestatzeko eta ebazteko urtea izan da. Horrelako deialdi bat egiten zen lehen aldia izaki, espero baino beranduago argitaratu zen (uztailaren hasieran) eta elkartetik ahalegin berezia egin genuen deialdian aurreikusitako diru guztia bana zedin, baina azkenean, arrazoi desberdinengatik, ez zen horrela gertatu.
Tartean Nafarroako parlamenturako hauteskundeak izan ziren, Gobernu berria osatu zen eta Euskarabideko zuzendari berria ere izendatu zuten. Elkartea aurkezteko eta Nafarroara begira eskuartean ditugun ildoak aurkezteko zuzendari berriarekin izandako bileran, honek argi esan zigun 2024rako aurrekontu egitasmoan ebazpenean banatutako kopurua aurreikusi zutela, alegia, iazko kopurua baino txikiagoa. Elkartetik, baina, deialdi horretarako zein ohiko deialdirako % 10eko hazkundea eskatu dugu parlamentuko taldeen bidez, eta berriki jakin ahal izan dugu EH Bilduk Nafarroako Gobernuarekin lortutako akordioan sektoretik egindako bi eskaera horiek kontuan hartuak izan direla.
Aitzitik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan berrikuntzaren eremu honetan ez da aurrerapausorik erdietsi. 2023ko aurrekontuetan elkarlanean ikus-entzunezkoak sortu eta zabaltzen laguntzeko 150.000 euroko partida berri bat lortu zen Euskalgintza deialdiaren baitan eta 8 eskaera egon ziren arren, aurreikusi bezala, puntu gehien lortu zuten bi egitasmoek eskuratu zuten 75.000 euroko laguntza bana, biak elkarteko bazkideak.
2024rako aurrekontuen eztabaidaren testuinguruan, berriro ere, Eusko Jaurlaritzako ordezkariei berrikuntzarako baliabide gehiago behar direla ikusarazten ahalegindu gara, baina legealdiko azken aurrekontuak izaki eta hedabideen deialdiaren 2025-2027 aldirako eredua eztabaidatzen ari garela kontuan hartuz, berrikuntzaren eremuan egingo duten ahalegina iazko partida horretara mugatuko da.
Esan bezala, partida berri hori Euskalgintza deialdiaren baitan kokatu zen. Hainbat egitasmo hedabideen ohiko deialdian kalteturik ateratzen zirela ikusita, 2022an Euskalgintzaren deialdira diru gehiago bideratuz, egitasmo horiek indartzeko aukera zabaldu zen. Bada, lehen urte horretan horrelaxe gertatu zen, egitasmo gehienek baliabide gehiago eskuratu ahal izan zituzten, baina bigarren urtean, 2023an, ez da horrela izan. Zenbait hedabidek 2022an baino gutxiago jaso dute, funtsean, deialdira egitasmo berriak aurkeztu direlako eta parean laguntzaren kopuru orokorra ez delako handitu.
Laburbilduz, Nafarroan lortu den partiden handitze hori oso garrantzitsua da legealdiko lehen aurrekontuak direlako eta horrek, normalean, ondorengo urteetakoak markatzen dituelako. Bestalde, espero dezagun ondorengo urte hauetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erakundeek zein Ipar Euskal Herrikoek Nafarroa eredutzat hartu eta berrikuntzarako partidak sortu edota handitzen joatea.
Ezohiko dirulaguntza deialdirik ez
Eusko Jaurlaritzak bi urtez, 2021ean eta 2022an, ezohiko dirulaguntzak banatu zituen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako komunikabide batzuen artean; lehen urtean (zuzenean, deialdirik egin gabe) pandemiak komunikabideei eragindako kalteak arintzeko eta bigarrenean (deialdi bidez) informazio eskubidea eta iritzi aniztasuna bermatzeko. Bada, 2023an ez da horrelakorik egon eta euskarazko komunikabideentzat ez da berri ona izan. Nahiz eta aipatutako bi urte horietan 10 eurotik 9 baino gehiago gaztelaniaz argitaratzen diren hedabideetara bideratu, ezohiko laguntza hori euskarazko komunikabideentzat garrantzitsua da.
2021. urtean 5 milioi euro banatu zituen Jaurlaritzak eta euskarazko 2 komunikabide soilik hartu zituzten kontuan. Sail desberdinetako arduradunekin bilerak izan genituen eta 2022an milioi bat gehiago jarri zuten, poltsa %20 handituz, eta euskarazko 9 komunikabide hartu zituzten kontuan, baina berriro ere euskarazko komunikabideek jasotako kopurua oso eskasa izan zen (%8 baino gutxiago).
2023an ezohiko dirulaguntza hori ez egoteak zailtasun puntu bat gehitu die iaz laguntza hori jaso zuten euskarazko 9 komunikabideei ez ezik, bai eta orain arte ezer jaso ez dutenei ere. Izan ere, pentsatzekoa zen, komunikabideak azken urteotan bizitzen ari diren testuinguru zaila ikusita, hirugarren urtean laguntza komunikabide guztientzako izango zela.
Espero dezagun 2024an ezohiko dirulaguntza horien moduko deialdi berri bat egotea eta deialdi hori euskarazko komunikabideentzat aurreko biak baino justuagoa izatea, horretarako ezinbestekoak diren bi neurri jasoz: batetik, euskarazko komunikabide guztiak kontuan hartzea eta bestetik, euskarazko komunikabideen kasuan kalkuluak beren audientzia potentzialaren arabera egitea. Balizko deialdi berriak bi neurri edo baldintza horiek betetzen ez baditu, berriro ere, neurri handiagoan edo txikiagoan, aurreko bi deialdien injustizia bera errepikatuko da.
Publizitate instituzionalaren banaketa desorekatua
Euskarazko komunikabideentzat garrantzitsua den beste gai bat publizitate instituzionalarena da eta horregatik iazkoan ere elkartetik gaia lantzeko pauso desberdinak eman ditugu. Bertako erakunde publikoek kontratatzen duten publizitatearen zati handiena erdal komunikabideetara doa eta hori ez da bidezkoa. 2018ko abenduan Argiak egin zuen azterketaren arabera, Eusko Jaurlaritzak publizitatean gastatutakoaren % 92 (5,8 milioi euro) erdal hedabideek jaso zuten bitartean, euskarazkoek jasotakoa ez zen milioi erdira iritsi. Bada, aurten datu berriak eskuratu ahal izan ditugu, Jaime Gómez-Obregón ingeniariak Eusko Jaurlaritzak publizitate kanpainen berri emateko urtero argitaratzen dituen txostenetan oinarrituz https://gobiernovasco.marketing bilatzaile bat sortu zuelako. Argia astekariak tresna hori baliatuz azterketa berri bat egin zuen iazko abenduan eta emaitza bere garaian lortutakoa bezain argigarria izan da: 2018-2022 tartean Eusko Jaurlaritzak publizitatean gastatutakoaren %93 erdal hedabideetara joan da.
Desoreka nabarmena da eta justifikatzen oso zaila, baina batzuek eta besteak saiatzen dira horretan. Diotenez, banaketa hain desorekatua da erdal komunikabideen audientziak euskarazkoenak baino handiagoak direlako.
Baina erakunde publikoen zein hauen kontratupeko publizitate agentzien ikuspegi horretan bada oker nabarmen bat: zergatik neurtzen dituzte euskarazko komunikabideak erdal komunikabideen parametroetan? Zergatik ez dira euskarazko komunikabideen audientziak beren audientzia potentzialaren arabera neurtzen? Izan ere, herritarren euskararen ezagutza kontuan hartzen bada, euskarazko komunikabideen audientziak garrantzitsuak dira oso, benetan esanguratsuak, eta eremu batzuetan erdal hedabideenak baino hobeak. Hortaz, zergatik sartzen dira guztiak zaku berean? Zergatik ez dira euskarazko komunikabideen kasuan irizpide zuzentzaileak sartzen?
Aurrez aipatutako ez ohiko dirulaguntzetan, esaterako, 2021ean euskarazko komunikabide baten kasuan irizpide zuzentzaileak txertatu ziren eta horrek berez oso desorekatua zen banaketa apur bat orekatzea lortu zuen. Zergatik ezin da horrelako zerbait egin publizitate instituzionalaren ohiko banaketan? Esperientzia horrek argi utzi du horrelako irizpide zuzentzaileak txertatzeko aukerak egon badaudela eta borondatea badago egin daitekeela, hortaz, elkartetik eragiten jarraituko dugu horrelako neurriak praktikan jar daitezen.
Horiek izan dira, batez ere, sektorearen tresna izan nahi duen Hekimen elkartetik 2023. urtean egin diren lanketa garrantzitsuenak, baina ondoren ikusiko dugun bezala, euskarazko komunikabideek beren aldetik pausoak ematen jarraitu dute.
Euskarazko komunikabideen testuingurua
Euskarazko komunikabideak ahalegin handia egiten ari dira beren jarduna errealitate berrira egokitzeko. Beren eskaintza hobetu eta zabaltzeko eremu desberdinetan pausoak ematen ari dira, beren erredakzioak berrantolatzen, lantaldeak etengabe formatzen, euskarri eta produktu berriak frogatzen... Erakunde publikoen bultzada sendoagoak pauso horiek guztiak erraztuko lituzkeen arren, euskarazko komunikabideak ez daude geldi.
Iazkoan komunikazioaren munduan gertatutako joera edo fenomeno desberdinen artean bat aipatu behar bada, hori adimen artifiziala baliatzen duten aplikazio edo garapenen eklosioa izan da. Adimen artifizialaren erabilera ez da berria, urteak dira baliatzen dela, baina iazkoan nolabaiteko orokortze bat gertatu da eta funtzio desberdinetarako ehunka tresna jarri dira norbanakoen eskura.
Hamaika Telebista eta Kanaldude, esaterako, adimen artifiziala baliatuz beren edukiak euskarazko azpidatziekin eskaintzen hasi dira Orai NLP langunearen laguntzarekin. Kasu honetan ahotsetik idatzirako bidea errazten du adimen artifizialak, baina alderantzizko bidea egiteko tresnak ere garatzen ari dira.
Adimen artifizialaren eremu honetan, baina, guztia ez da urrea eta kontrako ahotsak ere entzuten ari dira. Azken urteotan Europar Batasuna adimen artifizialaren inguruan hausnartzen aritu da eta gaiaren inguruko bere ikuspegia edo estrategia zehaztu du. Bestalde, hainbat eduki sortzaile adimen artifizialen trebakuntzarako beren edukien baimenik gabeko erabilera egin dutela salatzen ari dira.
Bestalde eta bikoizketa automatikoaren gaira itzuliz, argi dago, tarte batean behintzat, oso zaila izango dela adimen artifizialak ñabardura askoko ikus-entzunezkoak behar bezala bikoiztea eta ondorioz, gaur egun eta hemen, ezinbestekoa izango da bikoiztaile profesionalen lana.
Zentzu horretan, badirudi Pantailak Euskaraz eta antzeko ekimenen eraginez eta aurreko urtean onartu zen Espainiako Ikus-entzunezkoen Lege Orokorraren testuinguruan, gauzak mugitzen hasi direla eta streaming plataforma desberdinak film batzuk euskarara bikoizten eta azpidazten hasi direla. Dena dela, eta iaz Pantailak Euskaraz ekimenak salatu zuenez, beren egoitza Espainiako estatuan duten telebistek, publikoek zein pribatuek, ez dituzte lege berriak ezarritako gutxienekoak betetzen, ez helduei begirako edukietan eta, are gutxiago, 12 urtetik beherakoentzat egindako edukietan. Era berean, euskal zinemetan estreinatutako 100 filmetatik bi baino ez dira euskaraz estreinatzen.
Testuinguru honetan, iazko irailaren 15ean, Primeran plataforma jaio zen. Eduki ia guztiak euskaraz eskaintzen ditu, jatorrizko bertsioan, bikoiztuta edota azpidatziekin; asko EITB taldeak berak sortutakoak dira, baina badira nazioarteko ekoizpen batzuk ere eta bertako sortzaile edota hedabideek ekoitzitako hainbat lan ere ikus-entzun daitezke bertan. Oraindik bide luzea du egiteko baina aurrerapauso garrantzitsua izan daiteke.
Ikus-entzunezkoen eremuan aldaketa garrantzitsuak ematen ari dira, baina eraldaketa eremu guztietan gertatzen ari den heinean, euskarazko komunikabideek digitalizazio prozesuan pauso berriak ematen jarraitu dute.
Berria hedabidean esaterako, hainbat aldaketa egin dituzte 20. urteurrenaren testuinguruan. Jauzi digital garrantzitsua egin dute, webgunea eta aplikazioak eguneratuz eta erredakzioaren funtzionamendua ere aldatu dute, eskaintza digitala indartzeko. Ildo beretik, Mantangorri papereko gehigarriak webgune propioa du orain eta bertan papereko edukiez gain bestelakoak ere topa daitezke. Era berean, Ramon Olasagastik koordinatutako mendiari eskainitako kanal digital berria jarri dute martxan, eta bere garaian Telegram-en kanala ireki zuten bezala, iaz whatsappekoa zabaldu zuten.
Kanaldudek ere webgunea berritu du edukien kontsumoa errazteko, eta bere eskaintza eguneratu du websailak eta antzeko formatu berritzaileak eskainiz. Iazko apiriletik, gainera, Orange, Boygues eta Free hornitzaileetan ere ikus daiteke beraiek sortutako edukia.
Hamaika telebistak ere websailen aldeko apostua egin zuen iaz Belarri bero, bai esan umorezko fikzioarekin eta Tik Token ere bideoak egiten ari dira, informazio berezia, albisteak eta elkarrizketak modu dinamikoan eskaini asmoz. Aipatzeko modukoa da ere Gasteizko gazteei begira Hizkuntza Politika Sailburuordetzaren laguntzarekin abian jarritako Tximist egitasmoa.
Argian ere aldaketa urtea izan da 2023koa. Informazioa, analisia eta entretenimendua lantzeko egitura berritzailea jarri dute abian eta eskaintza digitala zabaldu eta hobetzeko pausoak eman dituzte, webgune orokorra berritzeaz gain, Bizibaratzea egitasmoaren webgunea berrituz edota Telegram kanala abian jarriz. Eta beren podcast eskaintza ere nabarmen indartu dute: Oroimen histerikoa, Larrun edota Egonarria bezalako podcastak estreinatu zituen udaberrian, lehena historiaz aritzeko, bigarrena Larrun gehigarriaren ahots gisa eta hirugarrena lehen sektoreari buruzkoa.
Izan ere, euskarazko podcastgintza azken urteotan izaten ari den hazkundea azpimarratzeko modukoa da. Berriak ere, bere ohiko podcast saioez gain (Berria FM, Kinka...) beste zortzi podcast sortu zituen bere 20. urteurrenaren testuinguruan tematika desberdinekin (euskara, feminismoa, naziotasuna, mundua, kultura, komunitatea eta kanpoko begirada). Horretaz gain, Ez gatoz Paristik saioa ere ekoitzi du Lanartearekin batera artisten lan baldintzen inguruan aritzeko. Naiz irratiak ere bere podcast eskaintza zabaldu zuen aurreko urtean eta aipamen berezia merezi du mugaren itxieraren ondorioak aztertzen dituen Bideak saioak, besteak beste, iaz Rikardo Arregi kazetaritza saria jaso zuelako.
Rikardo Arregi saria jaso zuen ere Herria aldizkariko Menane Oxandabaratzek, kasu honetan ohorezko mugarria. Bide batez, ezin aipatu gabe utzi Herria aldizkariak Euskararen Erakunde Publikoaren laguntzaz abian jarri zuen harpidetza kanpaina. EEPk harpidetza bakoitzaren %70 ordaindu zuen harpidedunek gutxiago ordain zezaten, urteko harpidetzagatik ordaindu beharrekoa 17,5 eurora murriztuz.
Podcastgintzaren indartze horren adierazgarri da ere iazkoan podcastak ardatz dituzten bi jaialdi ospatu zirela gurean: martxoaren hasieran Donostian egin zen Parentesi jaialdia batetik, eta apirilean Bilbon egin zen Euskal Pod jardunaldia bestetik.
Eta podcasten eskaintza zabaltzen ari den honetan, bideopodcastak ere ugaritzen ari dira. Iazkoan Hamaika Telebistak bideopodcast berri bat sortu zuen, Zozoak beleari izenekoa, umorea eta ikuspegi feminista ardatz hartuta, eta Euskalerria irratiak ere bideo-podcasten aldeko apustua egin zuen Flop kultura eta Irratiak ordaintzen digu trena saio berriak sortuz. Argiaren podcast berrietako bat ere, lehen sektoreari buruzko Egonarria bideopodcasta da eta beste bat aipatzearren, 2deo laborategian sortu duten Putas amak saioa ere bideopodcastaren eremuan kokatzen da.
Entzunezko edukiak oro har eta irratia bereziki, bizi-bizi dagoen formatu edota kanala dela esan dezakegu. Azken urte hauetan esaterako, Ipar Euskal Herrian irrati digitalaren hedapenera egokitzeko pauso desberdinak eman dituzte eta, hein handi batean, prest daude errealitate berrira egokitzeko. Dirudienez tarte batez FMak ere iraungo du, baina poliki-poliki irrati digitala orokortu eta nagusituko da. 2022tik aurrera ekoitzitako autoek esaterako DAB edo irrati digitala sintonizatzeko gai diren irratiak izan behar dituzte Frantziako estatuan. Nafarroan ere DAB lizentziak esleitzeko prozesua abian jarri zen, baina ebazpenak atzeratzen ari dira eta oraindik ez dira baimenak esleitu.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan aldiz ez da oraindik deialdirik egin eta epe motzean ez da horrelakorik aurreikusten. Izan ere, orain zabaldu dena ohiko lizentzia edo baimenak eskuratzeko aukera izan da eta aukera hori baliatuz lizentzia eskaera egin dute Arrosa sarea osatzen duten 22 irratietako batzuk: Hala Bedi, Bilbo Hiria, 97 irratia, Zintzilik, Herri Irratia (Bermeo eta Bilbo), Antxeta Irratia (Irun eta Hondarribia), Arraio irratia eta Tolosaldeko Ataria irratiak.
Elkarlanaz ari garela, iazkoan ere izan dira euskarazko komunikabideen arteko elkarlan esperientzia batzuk. Ipar Euskal Herrian, esaterako, Euskal Irratiak, Herria, Ipar Euskal Herriko Hitza, Kanaldude eta Kazetak, etxebizitzari buruzko saio bat ekoitzi eta sortutako edukia euskarri eta kanal desberdinak baliatuz hedatu dute. Era berean, Nafarroako hauteskundeen testuinguruan Berriak eta Euskalerria irratiak hauteskundeei buruzko saio bat egin dute Katakrak eta Martin Ugalde Kultur Parkearekin elkarlanean.
Bukatzeko, iazkoan urteurren borobila ospatu zuten hedabideak ekarri nahi ditut gogora. Hala Bedi irratiak 40 bete zituen, Euskalerria irratiak 35, Nafarroako Basaburua eskualdeko Esan Erran irratiak 25 eta Argiaren webguneak ere beste horrenbeste. Berriak, 20 urte bete zituen eta Martxelo Otamendik zuzendari karguaren lekukoa pasa zion Amagoia Mujikari. Eta hamarkada bete zuten, besteak beste, Tokikom elkarteak, Tolosaldeko Atariak eta Ataun irratiak.
Oro har komunikabideek urteak betetzea seinale ona da eta are gehiago euskarazko komunikabideen kasuan. Eta pozgarria da gure hedabideek urte horiek beren jarduna eta eskaintza hobetzeko ahaleginean betetzea, beren komunitatearen ekarpen eta elkartasunari esker, beren lantaldeen lan nekaezinari esker, errealitate berrira egokitzeko ahalegina egiten ari baitira. Elkartetik bidelagun gaituzte eta bidelagun izango gaituzte bidaia konplexu bezain zirraragarri horretan, baliabideak eskuratzen lagunduz, formakuntza saio desberdinak eskainiz, ahal den heinean aholkularitza eta laguntza emanez. Elkarrekin beti errazagoa da eta.