Josu Amezaga Albizu — NOR Ikerketa Taldea
2020ko martxoan ezarritako alarma egoerak aurrez aurreko eskola jarduerarik gabe utzi zituen Euskal Herri osoko milioi erdi bat pasa haur eta gazte, unibertsitatekoak ez diren ikasketetan. Haur Hezkuntzatik Lanbide Heziketara Hegoaldean, eta Ama Eskolatik Lizeoraino Iparraldean, goizetik gauera eta ustekabean etxean geratu behar izan ziren, hilabete batzuetan zehar, ikasle horiek guztiak.
Munduko herrialde asko eta asko bezala [1], Euskal Herrian ere erakunde publikoek zenbait ekimen jarri zituzten abian hezkuntzaren etena ekiditeko, haien artean helburu hezitzaileak zituzten telebistako saio bereziak; edo, hemen izendatuko ditugun bezala, eskola-telebistak.
La Maison Lumni (France Télévision)
Frantziako Hezkuntza Nazional eta Gazteriaren Ministerioa, INA (Institute National de l’Audiovisuel), Ligue de l’ensegnement eta France Télévisions telebista publikoa elkartzen dituen proiektua da La Maison Lumni. Itxialdia ezarri eta astebetera, martxoaren 23an hasi zituen emanaldiak, goizeko 09:00etatik arratsaldeko 17:00etara, mailaren araberako ordubeteko saioetan: batzuk Lehen Mailako Hezkuntza osorako orokorrak eta beste batzuk mailaz maila bereiziak, 6 urtetik 18ra bitarteko mailak hartuta. Emanaldiak France 2, France 4 eta France 5 kanalen bitartez hedatzen dira [2]. Astelehenetik ostiralera bitarte, etenik gabe aritu da (maiatzaren 21 eta 22an izan ezik). Frantzian Aste Santuko oporraldia eskualdeka antolatzen denez, ez da oporrengatik etenik izan, eta ekainaren 26ra arte bederen programatuta dauzka emanaldiak.
Aprendemos en casa (RTVE)
Saio hau Espainiako Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak jarri zuen abian, RTVErekin lankidetzan, itxialdia hasi eta astebetera, martxoaren 23an hau ere. Frantziakoa bezala, maila ezberdinetan antolatuta egon da: egunero hiru saio 6-8, 8-10 eta 10-12 urte bitartekoentzat (CLAN TV kanalean) eta bi saio 12-14 eta 14-16 bitartekoentzat (La 2 kanalean). Maiatzaren amaierara arte eskema hori mantendu zuen, baina ekainean saio bakarrera igaro zen: goizeko 09:00etatik 11:00etara, bereziki 6-10 urtekoentzat bideratua. Espainiako erkidego autonomiko gehienetako Aste Santuko oporraldiari jarraiki, emanaldiak eten zituen apirilaren 6tik 12rako astean. Ekainaren 19an amaitutzat eman du saioa, udako oporren hasierarekin batera.
Bitartean, etxetik ikasten (EiTB)
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta EiTBk batera abiatutako saioa izan da. Itxialdia hasi eta bi astera abiatu zen, martxoaren 30ean. Bost saioren ostean, Aste Santuko oporraldia hartu zuen apirilaren 6tik 19ra. Saioa bi adin tarteko umeentzat zuzendua izan da: 6-8 urte eta 8-10 urte, eta gai ezberdinak landu dira luzapen ezberdinetako tarte bereizietan. Saioak ETB3 kanalean eman dira, eta aurrekoa bezala ekainaren 19ra arte luzatu da [3].
ESKOLA-TELEBISTAREN IRISMENA EAEn
Telebista saio hauek izan duten irismena deskribatzen saiatuko gara jarraian. Horretarako audimetria datuak erabiliko ditugu, Kantar Media enpresak egiten dituen neurketatik jasoak. Mugak baditugu ordea: Nafarroa Garaiko eta Ipar Euskal Herriko audimetria datu zehatzik ez dago, datu bilketa ez baitago horretarako egokituta. Hortaz, eskola-telebista saioek izan duten irismena neurtzeko Araba, Bizkaia eta Gipuzkoara mugatu beharra dugu.
1. taula: Unibertsitatekoak ez diren irakaskuntzetan matrikulatutako ikasleen hizkuntza-eredua.
Guztira | A eredua | B eredua | D eredua | X / G eredua | |
Guztira | 375.736 | 50.032 | 69.559 | 253.877 | 2.268 |
Haur-hezkuntza | 85.958 | 2.479 | 14.191 | 68.868 | 420 |
Lehen hezkuntza | 130.932 | 4.871 | 26.898 | 98.075 | 1.088 |
DBH | 85.161 | 6.138 | 20.028 | 58.442 | 553 |
Batxilergoa | 30.425 | 9.178 | 1.539 | 19.501 | 207 |
Lanbide heziketa | 41.765 | 26.567 | 6.733 | 8.465 | 0 |
Heziketa berezia | 1.495 | 799 | 170 | 526 | 0 |
Iturria: EUSTAT, 2018/2019.
EAEn 130.932 ikasle zeuden Lehen Hezkuntzan (6-11 urte) 2018/2019 ikasturtean; haietatik % 75 (98.075) D ereduan eta % 21 (26.898) B ereduan. DBHn aldiz (12-15 urte) 85.161 ikasle ziren, haietatik % 69 D ereduan eta % 24 B ereduan.
Eskola sistemaren adin tarteak eta eskola-telebista saioek egindako adin bereizketak guztiz bat ez datozenez, datu demografikoak kontuan hartuta estimazio bat egingo dugu: 6-10 urteko saioen gehieneko xede-taldea, EAEn, 110.000 inguru haur dira [4]. 10-16 urte bitarteko saioetako xede-taldea aldiz, estimazio beraren arabera, 106.000 lirateke. Bi multzoak hartuta, EUSTATen arabera, haietatik % 35ek euskara dute lehen hizkuntza, edo lehen hizkuntzen artekoa; baina eskolari esker, euskara jakin % 84k daki eta % 13k ulertu egiten du.
Jarraian, aztergai ditugun saioetako ikusle kopuruak azalduko dira. Datuak Kantar Mediaren eguneroko neurketetatik aterata daude. Aprendemos en casa saioak ordubeteko tarteetan neurtuta eta Bitartean etxetik ikasten saiokoak hiru orduko tarteetan zeudenez zuzendu egin ditugu, biak alderagarri egin ahal izateko. Kontuan hartu behar da bestalde Kantar Mediak 4 urtetik gorako ikusleak zenbatzen dituela; eta eskura ditugun datuetatik ezin dugula adin taldeak desagregatu; hortaz, ezin dugu ziurtatu ikusle guztiak 6-10 edo 10-16 adin tarteetakoak zirenik, haientzat zuzendutako saioak izan arren.
6-10 URTE BITARTEKOEI ZUZENDUTAKO SAIOAK
1. grafikoan ikusten dira 6-10 urteko haurrei zuzendutako eskola-telebista saioen ikusle kopuruak, astez asteko eguneroko batez bestekoetan [5]. Esan dugunez, etenaldiko lehen astean ez zen saiorik izan; bigarren astean Aprendemos en casa saioa abiatu zen, hirugarren astean Bitartean etxetik ikasten hasi zen, laugarren astean saio biek oporrak hartu zituzten, bosgarren astean RTVEkoa berriro abiatu zen, eta seigarren astean EiTBkoa itzuli zen pantailara.
1. grafikoa: Eskola-telebista ikusleak, populazio osoa, EAE (6-10 urtekoentzako saioak).
Bistan da gorabehera handiak izan direla ikusle kopuruetan; baina joera bi antzematen dira. Lehena: lehen asteetan ikusle gehiago izan ziren azken asteetan baino. Bigarrena: biak batera aritu direnean, oro har euskarazko saioak ikusle gehiago izan ditu gaztelaniazkoak baino; baina hemen kontuan hartu behar da RTVEko saioa bi astez aritu zela bera bakarrik. Eta apirilaren 1-19ko astea EAEn opor astea izan arren, ia 5.000 haurrek jarraitu zituztela kanal erdalduneko emanaldiak.
Grafikoak datu gehiago erakusten ditu: lehen asteetako ikusle kopuruak batuz gero (hots, saio bat edo beste jarraitu zuten ikusleak), martxoaren 23ko astean, batez beste egunero 16.000 ikusle pasa izan ziren gazteenentzako saioetan; martxoaren 30eko astean, 21.000tik pasa. Esan dugun moduan, 110.000ko populazio potentzial batekin. Ez dakiguna da saio horiek urruneko eskola jarduerekin konbinatu ziren, edo haiek ordezkatu zituzten.
Ikusleen hizkuntza soslaiari dagokionez, 2., 3. eta 4 grafikoetan ikus daitezke aldeak:
2. grafikoa: Eskola-telebista ikusle euskaldunak, EAE (6-10 urtekoentzako saioak).
3. grafikoa: Eskola-telebista ikusle ia-euskaldunak, EAE (6-10 urtekoentzako saioak).
4. grafikoa: Eskola-telebista ikusle ez-euskaldunak, EAE (6-10 urtekoentzako saioak).
Ikus daitekeenez, saiook jarraitu dituzten ikusleen artean hizkuntza soslaiak ezberdintasunen bat markatu du: euskaldunek gehiago jo dute euskarazko Bitartean etxetik ikasten saiora, euskaldunak ez direnek gaztelaniazko Aprendemos en casa lehenetsi duten bitartean.
IKUSLEEN HIZKUNTZA SOSLAIA
Gazteenenei zuzendutako saioetako ikusleen hizkuntza soslariari erreparatzen badiogu, alde nabarmena dago Bitartean etxetik ikasten eta Aprendemos en casa (6-10) programen artean. Lehenengoan ia ikusle guztiak euskaldunak edo euskaldun pasiboak izan dira, lehen asteko eta azken asteetako apurrak kenduta. Bigarrenean, aldiz, EiTBko saioan baino nabarmen handiagoa izan da ikusle ez euskaldunen kopurua. 5. eta 6. grafikoetan ikus daitezke aldeak.
5. Grafikoa: Bitartean etxetik ikasten saioko ikusleak, EAE (6-10 ikasleentzako saioak).
6. Grafikoa: Aprendemos en casa saioko ikusleak, EAE (6-10 ikasleentzako saioak).
6. grafikoak beste datu garrantzitsu bat erakusten du: ikusle ez euskaldunekin batera, hainbat ikusle euskaldun ere bereganatu ditu RTVEko saioak. Kopuruak ez dira bereziki handiegiak, baina egon hor daude.
10-16 URTE BITARTEKOEI ZUZENDUTAKO SAIOAK
Azaldu dugun bezala, Frantziako telebista publikoko La Maison Lumni zein Espainiako telebista publikoko Aprendemos en casa saioak 10 urtetik gorakoei ere zuzendu zaizkie beren programazioarekin; ez, ordea, EiTBko Bitartean etxetik ikasten saioa. Horren ondorioz, saio horiek jarraitu dituzten ikusleek edukiak erdaraz jaso dituzte.
7. grafikoa: Aprendemos en casa saioko ikusleak, EAE (10-16 urte bitarteko ikasleentzako saioak).
7. grafikoan ikus daitekeenez, Lehen Hezkuntzako azken urtean eta DBHn dauden ikasleei zuzendutako saioek ere txikienei zuzendutakoen antzeko joera eta jarraipena izan dute: saioen lehen astean 15.000 ikusle inguru, batez beste, egunero. EAEn Pazko Asteko oporraldietan geundelarik ere jarraipen esanguratsua eduki zuen RTVEko saioak 12.000 ikusleren batez bestekoarekin (gogora dezagun xede-taldea 106.000 ikasle zirela).
Ikusleen hizkuntza soslaiari dagokionez, euskaldunak zein ez euskaldunak izan dira. Nabarmena da ordea ez euskaldunen pisua azken asteetan apaldu izana. Berriz ere ez dakigu saioak ikastetxeetatik zuzendutako jardueren osagarri izan diren, edo haien ordezko.
ONDORIO GISA
Datu gehiago behar dira analisi sakonak egiteko. Seguruenik eskola-telebistako saioen irismenaren datuak ikastetxeetatik jarraitu diren dinamiken ingurukoekin gurutzatu beharko dira horretarako. Zoritxarrez, ariketa hori egiteko behar ditugun datuak ez ditugu eskura.
Hala ere, badira mahai gainean jar daitezkeen auzi batzuk. Lehena, hizkuntza ereduarekin dago lotuta: eskola-telebistan gertatu den hizkuntzen erabilera oso urrun dago aurrez aurreko eskoletako hizkuntza ereduetatik. Zentzu horretan, esan liteke X ereduak ikastetxeetan ez duen espazioa izan duela eskola-telebistan. 8. eta 9. grafikoetan ikus daiteke argien jazoera hau [6].
8. grafikoa: Ikasleen eta ikusleen banaketa, eskola ereduetan eta telebista eskola-telebista ereduetan, 6-10 urte.
9. grafikoa: Ikasleen eta ikusleen banaketa, eskola ereduetan eta telebista eskola-telebista ereduetan, 10-16 urte.
Aurrekoari lotuta, eskuduntzen auzia dago: unibertsitatekoak ez diren ikasketen eskola sistema EAEko eskuduntza da. Baina larrialdi egoeran Espainiako Ministerioak izan duen protagonismoa (bere hizkuntzarekin bezala bere kurrikulumarekin ere), eskola-telebistan bederen, ez da txikia izan.
Bigarren ondorioa, izandako eskariaren tamainarekin lotuta dago. Saio ezberdinen gehieneko xede-talde osoak saioak jarraitu ez baditu ere, izandako ikusle kopuruak ez dira txikiak izan. Munduko beste toki batzuetan gertatutakoa eta tele-irakaskuntzan izandako esperientzia historikoak aztertu beharko genituzke, baliabide honen baliagarritasunaz hausnartzeko. Bereziki irailetik aurrera abiatuko den ikasturtea ziurgabetasunez betea datorrelarik. Asmo horrekin eskaintzen dugu analisi partzial hau, egindakoaren ebaluaziorako baliagarri izango delakoan.
OHARRAK
[1] Ikus https://en.unesco.org/covid19/educationresponse/nationalresponses eta https://blogs.worldbank.org/education/educational-television-during-covid-19-how-start-and-what-consider.
[2] Ikus https://www.lumni.fr/article/la-maison-lumni-le-programme-pour-les-eleves-de-primaire.
[3] Ikus https://www.eitb.eus/eu/hiru3/bitartean-etxetik-ikasten/.
[4] Gehieneko xede-taldea ez da zertan xede erreala izan. Saioen ordutegian (lanegunez eta goizez) ikastetxe askok bestelako jarduera batzuk antolatu dituzte; beraz, pentsatzekoa da jadanik jarduera horietan murgilduta zeuden ikasleak ez zirela xede-talde.
[5] Datuek beraz zera erakusten dute: aste bakoitzaren barruan egunero batez beste izan diren ikusle kopuruak.
[6] Grafika honetan saio guztietako ikustaldi guztiak batu dira. Alderaketa egin ahal izateko, eskola sistemako D eredua EiTBko saioarekin parekatu dugu, baina ez da zehatza: Bitartean etxetik ikasten saioan dena zen euskaraz, gazteleraren presentziarik gabe.