Elhuyarren Elia erabiliz lortutako itzulpen automatikoa
en
Urtekaria 2019 | Itsaso Manias Muñoz, Guillermo Gurrutxaga Rekondo, Txema Ramirez de la Piscina Martinez (HGH Ikerketa Taldea, UPV/EHU)

 

Gizartea eta kazetaritza paretsu doaz. Azken urteotan azaldu diren gizarte-fenomeno berrien loratzeak ustekabean harrapatu ditu hainbat aditu. Komunikazioaren ubidean ere urak aspalditxotik datoz harrotuta. Aldakortasuna, azkartasuna eta aniztasuna dira nagusi gizartean bezala komunikazioan ere. Erabateko ziurtasunik ez dago. Artikulu honetan albisteen geroaz arituko gara. Berrien berehalako kontsumoa nagusitzen ari den honetan, jakin nahi dugu zein den arnasa luzeko kazetaritzaren geroa. Miaketa hiru mailatan egin dugu: kazetaritzaren munduan egun dauden joerak eta estrategiak aztertu, nazioarteko 25 adituren aburuak jaso eta Euskal Herri osoko 500 irakurleren iritziak bildu ditugu. Emaitzak interesgarriak bezain (kasu batzuetan) harrigarriak izan dira.

 

 

Joerak eta estrategiak: mundu zabalean eta gurean

WAN-IFRA munduan ekonomikoki garatuen dauden 50 estatuetako kazeta eta albisteen editoreak biltzen dituen nazioarteko erakundea da. Urtero, azaro aldera edo, prentsaren azterketa globala argitaratzen du. Diagnostikoa egiteaz gain, pronostikoak ere egiten saiatzen da. 2019ko azaroan kaleratutako txostenean «enigma» hitza dezente errepikatzen da. Azterketak zenbait datu esanguratsu azpimarratu ditu; hauek, esaterako: egunkarietako erredakzioek mehetzen jarraitzen dute, diru-sarrerek ere jaisten segitzen dute (% 3 aurreko urtearekin alderatuta), baina gero eta nabarmenagoa da irakurleek kalitatezko edukiak ordaintzeko duten prestutasuna. WAN-IFRAko zuzendari nagusi Vincent Peyrègne-k termino hauetan azaldu du: «Eduki eztabaidagarrien aroan, gaur egun kontsumitzaileek gero eta gehiago bilatzen dituzte eduki fidagarriak eta kalitatezkoak» (2019).

Eztabaidagarriak baino gehiago zuzenean faltsutzat jotzen diren albisteak nonahi ugaritu dira azken hamarraldian. Fake news-ak eremu eta estatu askotara zabaldu dira eta hedapena ez da gutxiagora joango. Areago, albiste faltsuak gero eta sofistikatuagoak dira eta, aurrerantzean, zail egingo zaigu zer den egia eta zer gezurra bereiztea. Kezka handia da, mundu osoan gainera; izan ere, demostratuta dago (Lazer et al., 2018) mota horretako albisteak egiazko berriak baino askoz ere azkarrago eta jendartean sakonago zabaltzen direla, harik eta eztabaida politikoa baldintzatu arte. Horren adierazle dira AEBetako hauteskunde-kanpaina 2016an, brexit-aren inguruko erreferenduma 2016an, eta 2018ko Brasilgo hauteskunde orokorrak, besteak beste. Fenomeno horri aurre nola egin behar zaion eztabaidatzean, ikuspuntu guztiak ez datoz bat. Batzuen ustez, mota horretako albisteak zabaltzen dituzten editore nahiz norbanakoen ardurak legez zigortzea premiazkoa den bitartean, beste batzuek, berriz, hori gaur egun oso zaila dela pentsatzen dute (Dornan, 2017). Kanadako Carleton Universityko Christopher Dornanek 2017an UNESCOrako egindako ekarpenean honela azaltzen zuen: «Egun ez da posible informazioaren ekosistematik faltsutasuna bereiztea, eta gainera publikoki zer esan daitekeen kontrolatuko lukeen gizartea lortuko balitz ere, gizarte hori ez zen librea izango». Adituak bat datoz, ordea, zenbait neurri guztiz funtsezkoak direla esatean: herritarren alfabetizazio mediatikoaz jabetzeko beharra eta albisteak egiaztatzeko atari digitalen inplementazioa, kasu.

Alan Rusbridger kazetariak, 2014an, The Guardian-eko editore nagusi zela, Pulitzer saria jaso zuen The Washington Post egunkariarekin batera Edward Snowden-en filtrazioei buruzko erreportaje bat argitaratzeagatik. Horrez gain, aipatu egunkariaren eraldaketa digitala burutu zuen. The Guardian kalitatezko erreferentea da munduan. Hilero ehun milioi pertsonak bisitatzen dute bere webgunea. Egun, Rusbridger-ek Reuters Institutuan dihardu lanean kazetaritzaren bilakaera aztertzen. Bere ustez (Rusbridger, 2018), kazetaritzaren geroaz hitz egiterakoan «denok ados gaude inork ez dakiela ezer, baina, era berean, badakigu ez dugula nahi egunkaririk gabeko mundu bat». Ara egunkariak 2019an egindako elkarrizketan hauxe aitortzen zuen:

«Uste dut publikoak ere ez duela oso argi kazetaritza zer den; kazetari gisa dugun erronka handienetako bat da jendeari azaltzea zergatik kazetaritza egiteko modu batzuk besteak baino hobeak diren eta zergatik sinetsi behar diren komunikabide hauek eta ez beste horiek, adibidez. Nire ustez, kazetaritza ez da kontziente zenbat lan egin beharko duen oraindik ere hartzaileen konfiantza berriro irabazteko» (Vera, 2019).

Bere ustez, gako-hitzak konfiantza eta kalitatea dira.

Ara-ko Esther Vera kazetariak elkarrizketa horretan Rusbridger-i galdetu zion zer den garrantzitsuagoa berriemaile batentzat, onestasuna ala egia. Hona erantzuna:

«Egia hitza oso konplikatua da. Izan ere, batzuetan, historialariek 200 urte baino gehiago behar dituzte gertaera zehatz baten inguruan adostasunera iristeko. Kazetariok sarritan 20 minutu besterik ez dugu egia jakiteko, eta agian ez dugu egiaren bertsio bakarra topatzen. Beraz, egiazkoak edo zintzoak izan behar dugu? Nire ustez, egin behar duguna da egiaren bertsiorik onena bilatzea. Baina urduritu nau egia terminoak, ez baitut uste publikoak benetan sinesten duenik egia absolutua dugula» (Vera, 2019).

Post-truth edo egia-ostean bizi garen honetan, Donald Trump edota Boris Johnson bezalako agintariek komunikabideen aurka zabaltzen dituzten gutxiespen eta mespretxuen aurrean, lanbidearen baitatik nola erreakzionatu behar den galdetuta, Rusbridger-ek garbi dauka: «Ez du inolako zentzurik Donald Trumpi edo Boris Johnsoni gerra deklaratzeak. Jendea gutaz fidatzeko modu bakarra, eskola zaharrekoak izatea da; alegia, egia diren eta datuetan oinarrituta dauden gauzak kontatzea; horixe, besterik ez».

Elkarrizketa amaitzeko, Rusbridger-ek gogoeta interesgarria egin zuen kalitatezko edukien ordainpeko kazetaritzaz:

«Informazioaren truke kobratzea baliotsua dela uste dut, eta baliozkoa ere bada doan izatea. Bietako batek ere ezin du bestea baztertu. Baina horren arriskua da elite informatu bat sortzea eta gainontzekoek huskeriak baino ez kontsumitzea. Era horretan, soilik % 2k jasoko du informazio ona eta gainerako % 98k apurrekin konformatu behar duen gizartea osatuko luke. Eduki guztiak doan eskaini behar dira? Ordainpeko kazetaritza noraino zabaldu behar da? Zeintzuk dira estrategia baten edo bestearen alde onak eta txarrak?» (Vera, 2019).

Horratx adituaren kezkak eta, agian, hurrengo artikulu baten ardatzak.

Euskal kazetaritzaren eremura etorrita, berehala jabetzen gara kazetaritzaren geroaz ditugun kezka horiek guztiak badituztela euskaraz kaleratzen diren ehunka komunikabide txiki, ertain eta handiek ere. Baina, The Guardian eta enparauek ez dute euskal hedabideek dituzten beste zenbait oztopo: hizkuntza gutxitu eta normalizatu gabean aritu beharrak egunerokoan sortzen dituen arazoak, alegia. Euskal hedabideek estaturik gabeko komunitatean dihardute, estatuak ematen dituen bermeak eta lege betearazleak alde izan gabe. Euskal hedabideek komunitatea dute ardatz. Horregatik egunero komunitate hori osatzen, elikatzen, trinkotzen eta ahalduntzen saiatzen dira. Horretan datza haien estrategia garrantzitsuenetakoa: komunitatearen geroan. Horretaz oso kontziente dira euskaraz soilik diharduten euskal hedabideak, direla ikus-entzunezkoak, paperezkoak edota digitalak. Azter ditzagun orain Euskal Herri osoan zabaltzen diren erreferentziazko kazeta eta aldizkari nazionalek beren jardunaz eta geroaz egin berri dituzten azken gogoetak.

Berria kazetak, esaterako, 2019-2021 aldirako osatu duen plan estrategikoan, garbi asko utzi ditu zeintzuk diren bere apustu estrategikoak. Plana prozesu luze eta parte-hartzaile baten ondorioa izan da eta bertan egunkariko langile gehienek izan dute norbere gogoeta partekatzeko aukera. Geroari begirako soak ildo estrategiko hauek nabarmendu ditu: engaiamendua piztuko duten edukiak sortu, jauzia egiteko emango duten gaiak/nitxoak identifikatu eta garatu, produkzio digitala erdigunean jarri eta komunitatea ardatz izaten jarraitu.

Plan estrategikoan garbi asko geratu da berehalako informazioa zein arnasa luzekoa ematea dela Berria-ren eginkizuna: «Horri eutsita, edukien bidez erreferentzialtasunean urratsa egitea izango da datozen hiru urteetako lehentasuna […] engaiamendua sortzen duten edukiak sortzen ahaleginduko gara horretarako, gai eta nitxo jakin batzuetan ahalegin berezia eginez, eta sarean beste urrats bat eginez» (BERRIA, 2019).

Argia-ko kazetariek ere antzeko gogoeta prozesua egin dute. Astekari izateak arnasa luzeko kazetaritza praktikatzeko aukera gehiago ematen ditu. Bertoko kazetari Gorka Bereziartuak bere azken liburuan (Ez gara neutralak, 2019) Argia-k duen planteamenduaz pista batzuk eskaini ditu:

«Bat-batekotasunak, berehala eta une oro informatu beharrak, etengabe, hara eta hona aldatzen diren foku informatiboek, asko lerrarazi dute ofizioa takigrafiara, tekla jotze azkarrera, galdetu baino lehen tirokatzera. Geroz eta gehiago kostatzen da gauza zehatz bati beste modu batez begiratzea. Eta aldi berean, hain dugu beharrezkoa ariketa hori agenda propio bat edukitzeko […] agian kontzeptuak berraztertu behar ditugu. Aktualitatearekin daukagun morrontzatik askatu eta errealitateari jaramon egin» (Bereziartua, 2019).

Aurrerago, Bereziartuak gogora ekartzen du Argia-ko arimetako bat den Pello Zubiriak egindako gogoeta hau:

«Behin irakurri nion norbaiti: niri ez zait interesatzen aktualitatea, errealitatea zait interesatzen […] Txit Urre daukagu errealitatea eta aldi berean Arras Urrun. Izan ere, errealitatea ezkutatzen dio herritarrari gaur komunikazioa kasik monolaborea den 'entertainment' edo entretenimenduak, esan nahi baita, denbora-pasazko espektakuluak» (Bereziartua, 2019).

Etxe barruan nahiz kanpoan indarrean dauden joera eta estrategiak ikusita, eman diezaiegun ahotsa orain kazetaritza narratibo edo arnasa luzeko kazetaritza aztertu duten akademikoei eta alor horretan jarduten duten profesionalei.

 

Arnasa luzeko kazetaritza digitalaren egoera adituen ikuspuntutik

Kazetaritza-joera berri samar honen gaineko ikuspegi globala arakatzeko, HGH ikertaldea Delphi metodologiaz baliatu da nazioarteko adituen iritziak biltzeko. Teknika horrek, besteak beste, gutxi landutako ikergaien geroa aztertzeko balio du, eta lerro horietako bat da, hain zuzen, arnasako luzeko kazetaritza digitala. Ikergai horri buruz orain arte publikatutako ikerlan gehienak kasu-azterketetan eta planteamendu teorikoetan oinarritzen dira. Ikerketa-emari horietan, baina, ezin antzeman daiteke oraindik jakintzagaiari buruzko adostasunik, ez bere definizioan ez eta funtzioari dagokionean ere.

Hutsune hori betetze aldera, gaian adituak diren herrialde ezberdinetako pertsonekin jarri gara harremanetan, hau da, kazetaritza mota horrekin kolaboratzen duten edota praktikatzen duten profesionalekin, eta baita ikergai honetan jantziak diren akademiko nahiz ikerlariekin ere. Helburua izan da gure ikerketa objektuaren inguruan dituzten iritziak jasotzea eta etorkizuneko joerak aurreikustea. Azken xedea izanik, parte hartzaileen arteko adostasuna lortzea eta proiektuaren iker-galdera hauei erantzutea.

  1. IG. Zein da sarean egiten den arnasa luzeko kazetaritzaren egoera?
  2. IG. Zein dira gaur egun bere ezaugarri nagusiak?
  3. IG. Zer etorkizun aurreikus dakioke?

Hiru itaun horiei erantzuna emateko, bi itzuliko online galdetegi bat prestatu genuen hamar galdera kualitatiborekin. Galderen erantzunak irekiak ziren eta adituek koadrotxo bat zeukaten erantzuna idazteko. Bigarren itzulian, hamar galderez gain, lehenengo txandako gako-emaitzak eta Likert eskala bat erantsi genuen adituen erantzunak (adostasunak eta desadostasunak) ebaluatzeko eta kuantifikatzeko. Bi txanden artean, emaitzen laburpen-txostena bidali zitzaien aditu guztiei. Galdetegiak eta laburpen-txostenak hiru hizkuntzatan igorri ziren (euskaraz, gazteleraz eta ingelesez). Delphi-galdetegien bidalketa eta datu-bilketa 2018ko maiatzean hasi eta 2019ko apirilean amaitu genuen. Parte-hartzaile guztien gogoetak modu anonimoan jaso ziren, aditu bakoitzari zenbaki-kode bat erantsiz. Honatx parte hartutako lagunen profila eta jatorria:

  • Lagina: 25 pertsona.
  • Herrialdea: Australia (N=1), Europa (N=18), Ipar Amerika (N=4) eta Hego Amerika (N=2).
  • Adina: 30-40 (% 35,71), 40-50 (% 39,28), 50etik gora (% 25).
  • Sexua: Emakumezkoa (% 48), Gizonezkoa (% 52), Ez-bitarra (% 0).
  • Lan eremua: Akademikoa (% 53,57), Profesionala (% 39,29),Biak (% 7,14), Beste batzuk (% 0).
  • Lan esperientzia eta hezkuntza maila:
    • Mundu akademikoari/profesionalari lotutako urte kopurua:5-10 (% 28,57), 10- 15 (% 25), 15 baino gehiago (% 46,42).
    • Atzerrian izandako lan esperientzia: Bai (% 78,57%), Ez (% 21,43).
    • Lantokia: Etxean (% 25), Lantokira desplazatzen da (% 25), Biak egiten ditu (% 50).

Aipatu behar da bigarren itzuliaren ostean, hamar hizketa-gaietatik zortzitan adituen adostasun-maila % 80 baino handiagoa zela (ikusi 1.taula). Adituen artean lortutako adostasun-maila altua zela ikusita, galdetegiaren hirugarren itzuli bat egitea baztertu zen.

 

Jarraian, gaika sailkatutako emaitzak laburbiltzen dira, baita arlo bakoitzaren gaineko adituen ñabardurak eta gogoetak ere.

Kazetaritzaren egoera

Delphi-galdetegiari erantzun dioten adituek diote kazetaritzaren egungo egoera ezberdina dela herrialdez-herrialde eta, beraz, zaila dela egoera bakar bat irudikatzea. Nahiz eta nazioarteko ekosistema komunikatiboa anitza den, oro har, kalitatea eta sinesgarritasuna maila kezkagarrietara jaitsi direla nabarmentzen dute. Halere, informazioaren kalitatea eta sinesgarritasuna bereiztea gomendatzen dute, ez baitaude beti loturik. Adituen arabera, baikor egoteko arrazoiak funtsezko elementua du: audientziarekin harremana berritzea. Hau da, audientzia aztertzea eta hobeto ezagutzea eta, bitxia badirudi ere, sistema metrikoei (posizionamendua, inpaktua, biraltasuna, clickbait, etab.) garrantzia txikiagoa emateko deia ere egiten dute. Horien ordez, gardentasuna, egiaztapena eta elkarrekintza dira adituek aipatutako gako-estimuluak. Desados agertu diren adituek kazetaritzaren egungo egoera polarizatua dela azpimarratzen dute. Batzuek uste dute kazetaritzaren enpresa eredua krisian dagoela, eta hori dela ofizioaren arazorik handiena. Beste batzuek, aldiz, harpidetza ereduetan jartzen dute itxaropena; baita gazteek sustatutako slow mugimenduaren aldeko olatuan ere.

Arnasa luzeko kazetaritzaren betekizuna

Kazetaritza mota honen funtzioa kalitate eta zehaztasun informatiboa eskaintzea litzateke, eta gai izan beharko litzateke audientziak hezteko eta haien inplikazioa lortzeko. Halere, salmenta- eta audientzia-datuetan oinarrituta, adituek azpimarratzen dute arnasa luzeko kazetaritzaren merkatua mugatua dela; izan ere, bere pisua oraindik txikia da sektore tradizionalarekin alderatuta. Goraka doan arren, adituek diote ez duela inoiz kontsumo azkarreko kazetaritza ordezkatutako, hori ere ez baita korronte honen helburua. Biek ala biek elkarrekin bizi behar dute; hori bai, desinformazioari aurre egiteko, arnasa luzeko kazetaritza inoiz baino beharrezkoagoa dela argitzen dute. Kazetaritzak (abizenik gabekoak) ere funtzio berdinak bete beharko lituzkela gogoratzen dute, baina badirudi gaur egun izenondo edo etiketa hori eranstea ezinbesteko bihurtu dela egungo kazeta-praktikek hala eskatzen dutelako.

Ezaugarriak

Kazeta-mota honek izan behar dituen ezaugarrien artean honakoak aipatzen dira: beharrezko denbora eta distantzia azterketak egiteko; sakontasuna; testuingurua eta independentzia informatiboa; giza-balioa duten istorioak; audientzia parte-hartzailea; sormen-gaitasuna eta teknologia berrien erabilpena. Galdetegiko parte-hartzaileek diote, halaber, arrakastarako gakoa kasu batzuetan espezializazioan dagoela, eta beste batzuetan, aldiz, koherentziaz lan egitean —hau da, lerro editorial propioa markatzea eta audientzia-sektore jakin bati begirako gaiak jorratzea—. Bide horretan, adituek diote garrantzitsua dela narrazio-formula berriekin esperimentatzea, eta informazioa ikusgarriago egiteko baliabideak optimizatzea.

Generoak

Albisteen generoari dagokionez, oro har, konplexutasuna eta azterketa sustatzen duten formatu guztiek osatuko lukete arnasa luzeko kazetaritzaren marko naturala. Halere, aditu gehientsuenen arabera, interpretaziozkoak dira kazeta honen potentzialtasuna garatzeko genero aproposenak: sakoneko erreportajea eta elkarrizketa, kronika eta iritzi zutabea. Badaude baita genero hibridoak ere azpimarratzen dituztenak. Beste batzuen aburuz, ordea, iritzi-generoak ez luke izan behar arnasa luzeko kazetaritzaren erreferente, ez baitator kazeta-mota honen objektibotasun eta balioekin bat. Beste behin ere, adituek uste dute ikus-entzunezko euskarriek indar handia dutela narratiba-estilo anitzak sortu eta osatzeko, baina azpimarratzen dute ez direla testu-idatzia ordezkatzeko erabili behar. Aitzitik, teknologia berriak balio informatiboa gehitzeko erabili beharko lirateke.

Igorlearen profila

Arnasa luzeko kazetaritzako igorlearen profila esparru batean espezializatuko profil hibridoa da, heziketa-maila sendoa eta ekimen zein sormen gaitasun propioa duen profesionala. Edonola ere, igorleak kazeta-idazkuntzan esperientzia handia izan behar du, eta ofizioaren printzipio etikoak ezagutu eta praktikan jarri behar ditu: zehaztasuna, objektibotasuna, kalitatea, gardentasuna, independentzia-informatiboa eta egiazkotasuna bermatzeko gai izan behar du. Aditu batzuek diotenez, arnasa luzeko kazetaritzaren igorleak gaitasuna izan behar du profesional ezberdinekin (argazkilariak, bideogileak, diseinatzaile grafikoak, garatzaileak, etab.) lan egiteko; eta beste batzuek, aldiz, uste dute nahikoa dela kazetari eta idazle ona izatearekin.

Irakurlearen profila

Arnasa luzeko kontsumitzaileak interes handiagoa izan ohi du kazeta-kalitatean kontsumo lasterrean baino. Izatez, sentiberatasun handiagoa duen irakurlea litzateke, jakin-min eta kultur kontzientzia aktiboa duena; istorioen xehetasunak eta sakontasuna aztertzeko nahikoa denbora duena. Adituak bat datoz esatean irakurleen maila-intelektuala zenbat eta handiagoa izan, orduan eta handiagoa izango dela kazetaritza-mota honekiko interesa, ez baita gehiengo batentzako kazetaritza, eta irakurle mota hau ez dago 5.000 hitz baino gutxiagoko kazetaritzaren mailan. Bide horretan, uste dute ezinbestekoa dela irakurleekiko elkarreragina lantzea, haien iritzia jasotzea eta ebaluatzea. Arnasa luzeko kazetaritzak irakurleen-komunitate propioa eraiki eta zaindu ohi duenez (bizirauteko funtsezkoa), garrantzitsua da ekoizten diren proiektuak publiko horri irekita izatea eta haien parte-hartzea eta inplikazioa ahalbidetzea.

Biziraupen-ekonomikoa

Aditu batzuek uste dute edozein finantzaketa-eredu izan daitekeela egokia mota honetako medioentzat, betiere ez baditu kaltetzen profesionalen lana, ezta hedabidearen independentzia ere. Parte-hartzaileen iritziz, bideragarritasun-ekonomikoa medioaren independentzian datza, eta hortik etorriko da irakurleak erakartzeko bakoitzaren gaitasuna. Finantzaketa osagarri gisa harpidetza, crowdfunding-a, babesletza eta donazio-sistemak aipatzen dira; izan ere, publizitate tradizionalaren diru-iturriak ez omen du garai batean bezala funtzionatzen medio horietan. Oro har, finantzaketa publikoa ez dute ongi ikusten diru-iturri nagusi gisa; aukera osagarri bezala baizik. Horrez gain, iragarleak aukeratzeko orduan, marra gorriak ezarri beharko liratekeela aipatzen dute, besteak beste, arduragabeko erakundeak (produkzioa eta etekin ekonomikoa kapitalismo basatian oinarritzen dituztenak) onartzeko edo ez iragartzeko.

Adituen artean mesfidantza gehien sortu duen gaia sistema komunikatiboaren gobernu erregulazioa izan da. Horietako batzuk erregulazio kontzeptuaren kontra azaldu dira. Beste batzuk, berriz, arnasa luzeko kazetaritzaren babesa eta arautze instituzionala defendatzen dituzte; betiere, hedabidearen independentzia kaltetzen ez bada.

Enpresa-egitura

Adituen arabera ez dago enpresa-egitura formula bakar eta orokor bat kazetaritza-mota honen helburuetara ongien egokitzeko. Halere, gehien aipatutako egitura-juridikoen artean kooperatibak eta egitura mistoak uztartzen dituzten enpresa-ereduak izan dira. Horiek omen direlako arnasa luzeko kazetaritza koherentea bermatzeko bide nagusienak.

Paperezko kazetaritzaren etorkizuna

Etorkizuna iragartzea zaila egiten zaien arren, adituen aburuz irakurle jakin batzuentzako argitalpen berriak sortuko dira, eta, ziurrenik, herrialde bakoitzeko informazio orokorreko egunkari nagusiak mantenduko dira. Adituen arabera, egoera biak osagarriak lirateke. Aldaketa teknologikoa dela eta, hainbat aditu ez dira oso baikor azaldu etorkizunari begira. Euskarri fisikoen eta digitalen aldibereko elkarbizitzaz harago, aditu batzuk publiko zehatzei zuzendutako hedabide digital independenteen ikusgarritasuna hobesten dute. Halere, ez dute hedabideak masifikatzeko beharra alboratu nahi audientzia handiago batera iristeko.

Arnasa luzeko kazetaritza digitalaren geroa

Parte-hartzaileak, oro har, baikor azaltzen dira. Haien arabera, beti egongo da merkatu-kuota bat kazeta-mota honentzat; izan ere, kontsumo azkarraren eta geldoaren arteko bereizketa areagotu egingo baita. Gehiengo batek uste du egungo joera dela eremu digitalean eduki berriak garatzea, eta medioen audientzia zein ikusgarritasuna handitzea. Halere, esparru geografikoaren arabera, parte-hartzaileek azpimarratzen dute prozesu hori maila ezberdinetan gertatuko dela. Aditu guztien nahia da arnasa luzeko kazetaritzak aldaketa digitalei ondo egokitzeko ahalmena izatea. Zalantza nagusia da gutxiengo izaera duen kazetaritza honek lortuko ote duen ala ez negozio eredu bideragarria aurkitzea.

Euskal audientzia, arnasa bila

Hedabideei dagokienez, zeintzuk dira euskal herritarrek dituzten kontsumo-ohiturak eta joerak? Beste hainbat esparrutan bezala, zaila izaten da Euskal Herri osoko argazki bateratua egitea. Alde batetik, nazio-mailan ez dagoelako audientziaren neurketa egiten duen iturririk, eta bestetik, Euskal Herrian argitaratzen eta ekoizten diren komunikabide gehienak Hegoaldekoak direlako —eta ez dago Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako hedabide garrantzitsuenak biltzen dituen neurketarik—.

Berria edo Gara egunkarien datuak jasotzen ez dituen arren, OJD (Oficina de Justificación de la Difusión) izan ohi da Espainiako Estatuan egunkarien salmentak neurtzeko iturri erabiliena. Agentzia horrek argiro erakusten du urtetik urterako prentsa idatziaren salmenten beherakada. Euskal Herrian neurketa bateratua egiteko zailtasunak dauden arren, horretarako ditugun tresnak ere bat datoz gainbehera hori azpimarratzerako orduan. Esate baterako, EGMko (Estudio General de Medios) datuek joera bera erakusten dute. Ikerketa erakunde horren arabera, azken hamarkadan, Espainiako Estatuan, egunkari-salmentek ere nabarmen egin dute behera: 2009. urtean 16.056.000 ale izatetik 2019an 8.969.000 izatera pasatu dira (Cano, 2019).

Paperezko prentsa da Internetek ekarri dituen informazioa jasotzeko aukera berrien aurrean kaltetuena. Maila berean ez bada ere, irratiek eta telebistek ere nozitu dituzte hedabide mota berrien eta sare sozialen eraginak. Izan ere, aipatutako EGMren eta Kantar Media1 neurketa enpresen arabera, telebista urtez urte ari da audientzia galtzen. Eta irratiaren kontsumo orokorra igotzen ari den arren, irrati jeneralistena jaisten ari da.

UPV/EHUko Hedabideak, Gizartea eta Hezkuntza (HGH) ikerketa taldeak 2019ko uztailean Euskal Herri osoan egindako inkesta batek2 ere agerian uzten ditu Internetek ezarritako aldaketak. Egun, informatzeko garaian, zazpi herrialdeetan gehien kontsultatzen den euskarria prentsa digitala da (inkestan parte hartu dutenen % 83k hala egiten du). Gertutik telebistak jarraitzen dio (% 74). Paperezko egunkariak indarra erakusten duen arren (% 35), irratiaren atzetik agertzen da (% 49). Sare sozialek gainera, joan den mendeko hasieran sortutako irratiaren ehuneko bera dute jada. Euskal herritarrek informatzeko garaian lehenesten duten hedabideari erreparatuta, ez da herrialdez herrialdeko alde handiegirik igartzen sailkapenean. Hegoaldeko eta Iparraldeko datuen artean, alderik nabarmenena Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan prentsa digitalak duen indar txikiagoan ageri da (ikusi 2. taula).

 

 

Ohiko hedabideen kontsumoaren gainbeheraren arrazoiak sinesgarri-tasunaren beherakadarekin lotu izan dira. Ildo editorialei (ideologia, beraz), botere politikoari edo iragarpenak ordain ditzaketen enpresen beharrei gehiegi begiratzea leporatu izan zaie. Edo, eta honek badu itxuraz kontraesan bat, berehalako inpaktuaren bilaketak askotan eraman ditu hedabideak salmentak edota klikak biderkatzen dituzten eduki arinetara. Kazeta-praktika txarren zerrenda ez litzateke osatua egongo Internetek ezarri duen abiaduragatik kontrastatu eta egiaztatu gabe argitaratzen diren edukiei aipamenik egin gabe.

Beraz, badago euskal herritarrak hedabide tradizionalen kontsumotik urruntzera eraman dituen zenbait arrazoi. Zein neurritan daude prest, baina, kalitatea ardatz duten kazeta-saiakerei aukera emateko? CIESek ikerketa honetarako egindako lanaren arabera, Euskal Herritarren % 33k uste du kazetaritza bera arnasa luzeko kazetaritza bihurtu behar dela. Baina ez edonolakoa, euskarri digitalekoa baizik. Izan ere, inkestatuen gehiengo nabarmen batek (% 68k) uste baitu sareak onartzen dituen ikus-entzunezko eta multimedia baliabideek erabiltzaileen albisteen ulergarritasuna hobetzen dutela. Beraz, ideia horrek talka egiten du sakontasuna paperezko egunkariari esleitzeko erabili izan den ustearekin. Alta, soilik % 12k uste du irudiek objektibotasun gutxiago dutela edota sentsazionalistagoak direla.

Arnasa luzeko kazetaritza digitalaren alde azaltzen direnak % 33 badira, % 24 dira kazetaritza mota hori sustatzen ari diren hedabideei uste zaien aparteko kalitate hori ordaintzeko prest daudenak. Badago sakontasunarekin lotzen den faktore bat zifra hori nabarmen igotzen duena: formakuntzarena; izan ere, ordaintzeko prestutasunak gora egiten du ikasketekin aurrera egin ahala. Hala nola, gradu osteko ikasketak dituztenen artean, % 38k dio ordainduko lukeela albisteak modu narratiboan jasotzearen truke. Datuak xehe-xehe aztertuta, hauxe topatzen dugu: herritarren % 15ek aitortzen dute harpidetza digital bat izateagatik ordaintzen dutela edo ordaindu izan dutela. Paperezko hedabideen ehunekoa ia bera da (% 14). Arnasa luzeko kazetaritza digitaleko kasuan, harpideen portzentajea % 10ekoa da Euskal Herrian.

 

 

Dena den, zenbatekoa da arnasa luzeko kazetaritza bezala izenda daitezkeen hedabideak kontsumitzen dituen euskal herritar kopurua?

CIESek ikergai honentzako propio eskainitako emaitzen arabera, lau euskal herritarretatik ia batek kontsumitu du, gutxienez behin, arnasa luzeko hedabideren bat. Zehazki, % 23k. Gehien irakurtzen den hedabidea gaztelaniaz argitaratzen den Espainiako Jot Down da (% 36).

 

 

Bere atzetik datoz, hurrenez hurren, La Marea (gaztelaniaz), Charlie Hebdo (frantsesez), Yorokubu (gaztelaniaz) eta Le Monde Diplomatique (frantsesez3).

 

Agerian da Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren arteko zatiketan estatu-hizkuntzek duten nagusitasuna.

Euskal Herrian egiten diren hedabideen artean, Pikara Magazine, Argia, Diario Vasco eta Explora Navarra agertzen dira arnasa luzeko kazetaritza legez, hurrenez hurren. Lortzen dituzten kopuruak ez dira adierazgarriak, eta euskara hutsean egiten direnen artean bakarra ageri da: Argia. Aipatzekoa da inkestan parte hartu zuen hiritarrari 23 hedabideren zerrenda batetik zein irakurri zuen galdetu zitzaiola, eta zerrenda horretan ez zegoela euskal hedabiderik. Pikara, Argia, Diario Vasco eta Explora Navarra adierazi zutenei, ea besterik ezagutzen zuten galdetu zitzaienean aipatu zuten. Definizio edo pertzepzio kontua ote?

Parte-hartzaileen % 12aren arabera, badago arnasa luzeko kazetaritzaren baitan sailka daitekeen «hedabide klasikoren bat». Lau euskal herritarretatik ia batek arnasa luzeko kazetaritza zer den identifikatzen du eta (bere ustez) horretan jarduten duen hedabideren bat aipatzen du. Baina askoz baxuagoa da, ordea, arnasa luzeko kazetaritza egiten duten komunikabideetara maiztasunez gerturatzen direnen zifra. Soilik % 7k dauka tankera honetako hedabide bat eskura egunero edo ia egunero.

Alde nabarmenenak, baina, euskarriari dagozkio. Hego Euskal Herrian Internet da, argiki, informazioa kontsultatzeko gehien erabiltzen den iturria. Iparraldean, aldiz, paperaren eta sarearen arteko aldea ez da horren nabarmena. Halaber, Internet bidez egiten dutenek batez ere sakelako telefonoarekin egiten dute (% 67).

Arestian aipatutako arnasa luzeko hedabideekin lotzen den prestakuntza maila altuagoa bat dator irakurleek bertan bilatzen duten informazio esparru tematikoarekin. Kulturakoak dira gehien kontsultatzen diren artikuluak (% 69). Bere atzetik, gizarte esparrukoak (% 64), politika gaiak (% 59), zientzia eta teknologiari lotutako edukiak (% 48), nazioartekoak (% 44) eta ekonomiakoak (% 35) datoz. Deigarria da, kasu honetan, ohiko hedabideei audientzia handiak ematen dizkion kirolen esparrua ez agertzea; eta bai, ordea, iritzi-generoa (% 53). Horrenbestez, arnasa luzeko kazetaritzaren euskal audientziak bere ezaugarrien artean ditu iritzi kritikoa eta analisirako gaitasuna.

Gai horiek beti aurkitu izan dute kazetaritzako genero egokiena, eta inkestak erakusten duenaren arabera, kasu honetan ere, badira istorioak sakonki kontatzeko narratiba mota aproposak: arnasa luzeko kazetaritzako euskal irakurleek gustukoen duten generoa erreportajea da, bigarrena analisia eta, hirugarrena, kronika.

Beraz, eta labur esanda, baiezta liteke euskal herritarren artean arnasa luzeko kazetaritzak izan baduela presentziarik (nahiz eta apala izan), eta baita kualitatiboki ongi balioetsia dagoela ere.

 

 

Gibel solasa

Trantsizio egoerek sortzen dituzten ingurumariak azaltzeko sarritan erabiltzen da Antonio Gramsci filosofo, politikari eta kazetari sardiniarraren gogoeta hau (Meneses, 2015): «Mundu zaharra hiltzen ari da. Berriaren sorrerak luze joko du. Eta argi-ilun horretan munstroak sortzen dira».

Gurera ekarrita esan liteke gero eta nabarmenagoak direla fast filosofiarekin sortutako kazetaritzaren pitzadurak. Bestetik, slow journalism edo arnasa luzeko kazetaritza bere bidea egiten ari da; poliki eta mantso, baina badoa. Eta bizkitartean, fake news edo albiste faltsuen mamua gero eta gehiago ari da zabaltzen eta sofistikatzen.

Rusbridger-ek arrazoi izango du: herritarren konfiantza berreskuratzea eta edukien kalitatea zaintzea geroaren giltza izango dira.

 

Bibliografia

Bereziartua, G. (2019): Ez gara neutralak, Komunikazio biziagoa, S.L., Lasarte.

BERRIA (2019): Berria 2019-2021erako plan estrategikoa (laneko dokumentua), EKT, Andoain.

Cano, F. (2019): La agonía del papel: los diarios pierden siete millones de lectores desde el comienzo de la crisis, <https://www.elespanol.com/economia/medios/20190627/agonia-diarios-pierden-millones-lectores-comienzo-crisis/409210169_0.html>.

Dornan, C. (2017): «The past, present and future of fake news», Series of reflection papers, Canadian Commission for UNESCO, <https://www.researchgate.net/publication/335881115_Dezinformatsiya_The_past_present_and_future_of_’fake_news’_A_Reflection_Paper_for_the_Canadian_Commission_for_UNESCO>.

Lazer, D.  et al. (2018): «The science of fake news. Addressing fake news requires a multidisciplinary effort», Science 09 (359), Issue 6380, 1094-1096 or., doi:10.1126/science.aao2998., <https://disruptor.es/wp-content/uploads/2018/03/US-2018-SCI-MAG-FAKE-NEWS-090318-1.pdf>.

Meneses, J. P. (2015): Una vuelta al tercer mundo: La ruta salvaje de la globalización, Debate Bartzelona.

Peyrègne, V. (2019): World Press Trends 2019, <https://www.wan-ifra.org/reports/2019/10/28/world-press-trends-2019>.

Rusbridger, A. (2018): Breaking News: The Remaking of Journalism and Why It Matters Now, Farrar: Straus and Giroux, NewYork.

Vera, E. (2019): Alan Rusbridger: «El millor model de negoci és la confiança i la qualitat», <https://www.ara.cat/suplements/diumenge/Alan-Rusbridger-negocIes-confianca-qualitat_0_2349964991.html>.


1.- Espainiako Estatuan telebistako merkatuaren audientzia erreferentzia nagusia.

2.- Lana CIES enpresak egin zuen. Zazpi euskal herrialdeetako 500 biztanleri luzatu zitzaion arnasa luzeko kazetaritza ardatz zuen galdetegia, herrialde bakoitzak duen populazioaren pisua kontuan hartuta. Inkestan parte hartu zuen pertsona kopurua honela banatu zen: Bizkaian, 180 lagun; Gipuzkoan, 130; Nafarroa Garaian, 100; Araban, 45; eta beste hainbeste Ipar Euskal Herrian (Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako datuak bateratuta). Generoari dagokionez, inkestatutako 283 emakumezkoak izan ziren, 213 gizonezkoak eta 6 genero ez binariokoak. Adinari dagokionean, 18-34 urte arteko 136 inkestatuk hartu zuen parte; 35-49 bitarteko 222k, eta 50-65 bitarteko 142k. Ikasketa mailaren banaketa hauxe izan zen: Oinarrizko edo gutxiagoko ikasketak: 30 parte-hartzaile; Goi Mailako Batxilergoa, L.H. 1-2: 165; Unibertsitate ikasketak: 220; Unibertsitate Graduondoa: 85. Udalerrien tamainari dagokionean, 10.000 baino biztanle gutxiagoko herritan bizi ziren 83; 10.000-50.000 artekotan 175,; eta 50.000 baino biztanle gehiagokotan 242. Azkenik, inkestatutako 442 biztanleria aktiboaren parte ziren eta, 58, aldiz, ez aktiboarenak.

3.- Parisen du egoitza, eta frantsesezko eta gaztelaniazko edizioak ditu; kasu honetan frantsesezko bertsioa da salduena, Ipar Euskal Herrian inoiz arnasa luzeko kazetaritza irakurri dutenen artean erdiek hedabide hori izan baitute eskuetan.