Elhuyarren Elia erabiliz lortutako itzulpen automatikoa
en
Urtekaria 2019 | Igor Astibia Teiletxea (HEKIMEN Euskal Hedabideen Elkarteko koordinatzailea)

Mundu mailako joera nagusiek aurrera jarraitu dute 2019 urtean zehar, baina herri ekimeneko euskarazko komunikabideentzat urte berezia izan da. Hiru urtez Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erakunde publiko nagusiekin finantzaketa marko berri bat lantzen aritu ondoren, azkenean 2019-2021 aldirako dirulaguntza eredu berria adostu eta abian jarri da. Eredu berri honen helburu nagusia sektorearen egonkortasuna bermatzea da eta horrexegatik laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko komunikabideen beraien beharrak hartu dira kontuan. Noski, eredu berri honen oinarrian euskarazko hedabideek urte hauetan guztietan euskararen normalizazio prozesuari egin dioten ekarpenaren aitortza eta etorkizunean ere ekarpen estrategiko hori bermatzeko beharra daude. Hobetu beharreko elementuak izan badira, baina eredu berri hau sektorearen egonkortasuna bermatzeko aurrerapauso garrantzitsua izango da.

JOERA OROKORRAK AREAGOTUZ JOAN DIREN URTEA

Gainerakoan, aurreko urteetako joera nagusiak areagotuz doazela ikusi dugu 2019. urtean zehar. Digitalizazio prozesuak aurrera darrai aurrerapen teknologiko desberdinen eskutik, kontsumo ohiturak eta audientziak eraldatzen ari dira, ikus-entzunezkoen eremuan streaming plataformen hazkundeak geldiezina dirudi... Eraldaketa sakonak gertatzen ari dira komunikazioaren eremuan eta aldaketak gero eta azkarrago gertatzen dira gainera. Esaterako, 5G delakoaren hedapenerako lehen pausoak ematen ari dira jada, etxe atarian ate joka dugu jada eraldaketa are sakonagoak ekarriko dituen teknologia.

Digitalizazio prozesuaren azkartzea

Digitalizazio prozesuak ere aurrera darrai eta 2019an komunikazioaren eremuan gertatu diren eraldaketak ez dira nolanahikoak izan. Ikusten ari garenez, digitalizazioak ekoizpen sistema osoan du eragina: aldaketak daude edukietan (hizkeran, luzeran...), euskarrietan zein profesionalen roletan. Adituek gero eta gehiago hitz egiten dute multitasking-az. Kazetariak ongi eta egoki idazteaz arduratu behar du, baina horretaz gain irudiak hartzeaz, grabatzeaz, edukiak eremu digitaletan txertatzeaz edota zabaltzeaz ere arduratu behar du. Audientzietan ere aldaketa sakona gertatzen ari da, gero eta gehiago dira edukiak sakelakoaren bidez kontsumitzen dituztenak eta, noski, enpresetan ere aldaketak gertatzen ari dira, besteak beste, erredakzioetan arlo digitala sartu behar dutelako. Azkenik, finantzaketari dagokionez ere, sekulako aldaketa eman da publizitatearen zati handi bat Facebook edota Google bezalako plataformetara joan delako eta ondorioz gero eta zailagoa delako egitasmoen bideragarritasuna bermatzea.

2019an ere hainbat izan dira ateak itxi edo langileak kaleratu dituzten hedabideak. Frantzian esaterako, aurreko mende hasieran (1904) jaiotako L´Humanité kazeta historikoak ordainketak eten zituen 2019 hasieran. Agerkarian 200 langile inguru ari ziren, erdiak baino gehiago kazetariak, eta harpidetzak lortzeko kanpaina bat abiatu zuten egitasmoarekin aurrera egin ahal izateko. Espainiako RTVE talde publikoan grebak izan ziren teknikariak falta zirelako, hutsuneak (gaixotasunak, erretiroak, toki aldatzeak...) ez zirelako betetzen. Herrialde Katalanetan berriz, urtez urte zorrak pilatzen ari zen El Periódico de Catalunya komunikabidea Prensa Ibérica taldeak erosi zuen.

Baina eraldaketak ez dira euskarri klasikoetara mugatzen, hedabide digitalek ere zailtasunak dituzte egitasmoen bideragarritasuna bermatzeko ezinbestekoa den negozio eredu egokia topatzeko. 2019 hasieran jakin zen AEBetako hedabide digital nagusiek ehunka langile kaleratuko zituztela, besteak beste, Facebooken algoritmo aldaketaren ondorioz. Izan ere, 2018an Facebookek bere algoritmoa aldatu zuen eta horrela lehentasuna eman zien herritarrek sorturiko eta partekaturiko edukiei, zeharka hedabide digitalei ikusgarritasuna kenduz. Ondorioz, hedabideetako trafikoa asko murriztu da eta ez dute hainbeste diru eskuratzen publizitatetik.

Esan bezala, kontsumo ohiturak ere eraldatzen ari dira eta horiekin bat euskarri desberdinen audientziak. 2019. urtean joera orokor horien areagotzea ikusi dugu: gero eta eduki gehiago kontsumitzen dira sakelako telefonotik, gero eta gehiago dira streaming plataformetan harpidetzak egiten dituztenak, ikus-entzunezko edukien eskaintza eta eskaria areagotzen ari dira...

Horiek guztiak baina arazo edo erronka ezagunak dira jada, eta horiek gainditu gabe ditugunean berriak datozkigu ate joka. Esaterako, gero eta gehiago entzuten da «robotak erredakzioan» esamoldea eta askok etorkizun distopikotzat dutena jada errealitate da munduko hainbat hedabidetan. 2016 urtean The Washington Post ezagunak Heliograf izeneko sistema jarri zuen abian albiste laburrak idazteko eta 2019 hasieran Forbes aldizkariak adimen artifizialean oinarritutako Bertie izeneko sistema jarri du abian. Ez ditu artikulu osoak idazten baina zirriborroak prestatzen dizkie kazetariei, haiek osa ditzaten. Are gehiago, algoritmo bati esker zirriborroak irakurleen gustuetara moldatzen ditu.

Itzultzaile neuronalen eremuan ere sekulako aurrerapausoak ematen ari dira eta epe oso laburrean hiru egitasmo aurkeztu dira gurean, Elhuyarrek itzultzailea.eus aurkeztu du, Vicomtechek batua.eus eta Eusko Jaurlaritzak itzuli.eus. Oraingoz irekian dauden bertsioek testu laburrak itzultzeko aukera baino ez dute ematen, baina teknologia hor dago eta kalitate oso altuko itzulpenak lortzen ditu. Jada badira webgune osoak edota argitalpen luzeak itzultzeko teknologia hori baliatzen ari diren enpresak eta euskarazko komunikabideen ikuspegitik aukerak ez ezik, arriskuak ere hor daude.

Ahotsaren eremuan ere aurrerapenak abiada bizian doaz. Ahots laguntzaileak esaterako, eremu desberdinetara hedatzen ari dira abiada bizian, sakelako telefonoetatik etxeetara edota autoetara. Oso denbora gutxian multinazional desberdinek merkatuan salgai jarri dituzte haien ahots laguntzaileak (Alexa, Siri, Google Assistant...) edota gailuak (Amazon Echo, HomePod, Google Home...). Aukera berriak zabaltzen dira bai, baina gutxiagotutako hizkuntzen kasuan, arriskuak aukerak baino handiagoak dira. Sistema horiek hizkuntza hegemonikoetarako prestatuta daude eta (oraingoz) ez dago euskarazko bertsiorik. Librezale taldeak auzolan digitala deitu zuen apirilean helburu horrekin, baina erakundeek ere eremu honetan zerbait egin beharko dute. Horrelakorik sortzen ez den bitartean euskara erabiltezin izango den esparru berri bat izango dugu, gero eta garrantzia handiagoa hartuko duen esparru handi bat, horrek esan nahi duen guztiarekin.

Esandakoa, digitalizazioaren ondorioz hainbat arazo edo erronka gainditzeke ditugun testuinguru honetan, teknologiaren mundua abiada bizian doa eta erronka berriak sortzen zaizkigu egun batetik bestera. Frogak eta saiakerak egin behar dira eta asmatzen denean aurrera jo, berriro ere frogak egin eta ahal den heinean aurrera egin ahal izateko; baina, parean, erakunde publikoek ere araugintza baliatu behar dute. Ezinbestekoa da multinazional horiei guztiei hizkuntza irizpideak ezarri eta betearazteko pausoak ematea, beraien kabuz edo beraien interesagatik ez baitute egingo.

Ikus-entzunezko plataformen ugaritzea

Testuinguru berezi honetan, ikus-entzunezkoak streaming plataformen bidez kontsumitzeko joera areagotuz doa. Gero eta gehiago dira plataforma horietara harpidetzen diren pertsonak eta gero eta pisu gehiago du bideo streaming-ak sareko trafiko osoan. Apaldu edo egonkortu beharrean, areagotzen ari den joera da, itxura guztien arabera, gelditzeko etorri dena. Sandvine konpainiak urtero egiten duen txostenaren arabera, 2018an Interneteko trafiko osoaren % 58 streaming zerbitzuek bereganatzen bazuten, 2019an ia % 61era iritsi da portzentaje hori; Netflix eta Youtube dira tasa izugarri horren arduradun nagusiak.

Dena dela, azken urteotan bezero asko bereganatu dituzten eta jada egonkortuta dauden enpresei (Netflix, HBO, Amazon Prime...) berriak gehitzen ari zaizkie (Disney, Apple, Sky, Movistar...) eta ondorioz bezeroak mantentzeko/erakartzeko lehia izugarria da. 2019 amaieran Netflixek mundu osoan 183 milioi harpidetza bazituen, Amazon Prime zerbitzuak 150 milioi inguru zituen eta HBOk ia beste horrenbeste, 140 milioi inguru. 2019ko azaroan abian jarri zuten Disney+ plataformak 50 milioi harpidedun lortu zituen hilabete gutxitan eta Apple TV+ zerbitzuak berriz 30 milioi.

Zerbitzu horiek edukiak eskaintzeko plataforma ez ezik, edukiak sortzeko ekoiztetxe edo estudio ere badira, batez ere handienak. Netflixek esaterako bere eduki propioen sorkuntza indartzeko pausoak eman zituen 2019an. Martxoan Europako bere lehen ekoizpen zentroa inauguratu zuen Madrilen. Egoitzak 22.000 metro karratu ditu eta bertan ekoiztuko dira Europarako eduki desberdinak. Ekoizpen hori bermatzeko langile kopurua bikoiztuko dute eta kopuruak esanguratsuak dira: 2018an Madrilen Netflixentzat lanean aritu zirenak 13.000 langile izan baziren, 2019 amaierarako ia bikoitza ziren, 25.000 inguru.

Nazioarteko joera nagusi horiei aurre egin nahian ekimen desberdinak aurkeztu dira 2019an zehar. Erresuma Batuko BBC kate publikoak eta ITV telebista edukien banatzaile independenteak esaterako bat egin zuten Netflix plataformari aurre egiteko. ITV BBCri konpetentzia egiteko sortu zen, baina orain ezinbesteko ikusi dute indarrak batzea. Horrelako mugimendu asko ikus daitezke herrialde desberdinetan. Gure inguruan ere telebista kate edota telefonia konpainiak eduki banatzaile ez ezik, eduki sortzaile ere bilakatzen ari dira (Movistar, Atresmedia, Mediapro...). Azken hau, Mediapro, estudio bilakatu dela irakurri ahal izan dugu 2019an, New Yorkeko egoitza indartuko duela eta 30 telesail baino gehiago ekoiztuko dituela, bere ekoizpenak zein beste batzuk Mi Tele Plus ordainpeko plataforman eskaintzeko.

Ikus daitekeenez, 2019an ere streaming plataformen nagusitasuna areagotu egin da eta aktore berriak gehitzen ari dira joko zelai horretara. Inoiz ez bezalako aukera zabal horretan baina, euskarazko eskaintza oso urria da, hutsaren hurrengoa. Netflixek lauzpabost film eskaintzen ditu eta gainerakoek gutxi gehiago. Katalunian sortutako Filmin plataforma independenteak euskarazko eskaintza handixeagoa du, baina tanta bat baino ez da ikus-entzunezkoen itsaso zabalean. Euskarazko eskaintza ezin da mugatu tarteka euskaraz egiten den film horretara. Horrela ezinezkoa da hizkuntza hegemonikoekin lehiatzea.

Honen harira interesgarria izan zen Katixa Agirrek maiatzean Frisian emandako Basque language on Netflix konferentzia. Netflix bezalako nazioarteko plataformetan euskarazko edukiak eskaintzea garrantzitsua dela azpimarratu zuen, besteak beste, hizkuntzari ikusgarritasuna ematen zaiolako. Hori horrela da eta garrantzitsua da bide horri eustea, baina ez da nahikoa. Euskarazko edukiak (filmak, telesailak, dokumentalak eta abar) Netflix bezalako plataformetan areagotzeaz harago, euskararen normalizazio prozesurako hil ala bizikoa dena nazioarteko ekoizpen ezagunenak euskaraz eskaintzea da. Batak ez du bestea kentzen, baina bigarrena da eraginkorrena eta ondorioz lehentasunezkoa, eta horretarako bikoizketa indartu behar da —ez ahuldu, azken urteotan egin den bezala—. Zoritxarrez 2019ak ez du eremu horretan aldaketa nabarmenik ekarri: euskaraz oso gutxi bikoizten da eta ez dirudi epe motzean garai batean euskaraz bikoizten ziren ordu kopurura itzuliko garenik.

Lehen pausoak 5G teknologiaren hedapenean

Lehenagotik garapenean den 5G teknologiak ere bultzada nabarmena izan du 2019an: gero eta gehiago dira 5G teknologia onartzen duten telefono eta gailuak, telebista kate asko 5Garekin lehen frogak egiten hasi dira jada, ekitaldi edo emanaldi garrantzitsu asko 5G bidez ematen hasi dira. Esaterako, TV3 kateak 2019ko diada 5G teknologia baliatuz eman zuen.

5G teknologia jada gure artean da eta ondorengo bizpahiru urtetan orokortu egingo da. Herri bezala eta hizkuntzaren ikuspegitik premiazkoa da gai honen inguruko eztabaida zabaltzea eta euskarazko gutxieneko edukiak bermatzeko neurriak berma daitezen eragiten hastea.

Orain arte, ugariak izan dira teknologia honen garapena kontrolatzeko herrialde zein multinazional teknologiko desberdinen arteko talkak. Munduko bi potentzia ekonomiko eta militar nagusiak, AEB eta Txina, gatazka ekonomiko eta teknologiko betean daude eta norgehiagoka horretan bakoitzak bere aliatu eta konpainia teknologikoak baliatzen ditu. 2019. urtean gatazka hori oso agerian gelditu da. 5Gak eremu guztietan iraultza handi bat ekarriko duela dirudi eta horregatik da hain garrantzitsua teknologia bera (gailuak) zein bere hedapena (antenak) kontrolatzea.

Internet sarearen abiadura izugarri azkartuko du teknologia honek eta horri esker orain arte ezinezkoak diren hainbat jarduera Internet bidez egiteko aukera zabalduko da. Latentzia edo atzerapena oso txikia izango denez, gauzen Interneta bezalako eremuek garapen handia izango dutela aurreikusten da. Era berean, autoetan eta orokorrean garraiobide desberdinetan Interneteko konexioa orokortuko dela dirudi. Besteak beste, teknologia honek ikus-entzunezkoen hazkunde eta hedapen nabarmena ekarriko duela diote adituek, bereziki gero eta gehiago erabiltzen diren sakelako telefonoetarako.

Euskal Herritik eta zehazki euskararen normalizazio prozesuaren ikuspegitik, garapen teknologiko guztiek bezala, 5Gak bere arriskuak eta aukerak eskaintzen ditu. Urrian Ezkerraberri fundazioak antolatutako jardunaldi batzuetan, Enric Marin i Otto unibertsitateko irakasleak oso argi utzi zituen aukera eta arrisku horiek. Etorkizunean sortuko diren eduki ia guztiak 5G sarearen bidez hedatuko dira eta orain arteko hedapen sistemak garrantzia galtzen joango dira (Lurreko Telebista Digitala, FM/AM irrati frekuentziak...). Orain arteko telebista edota irrati lizentziak araututa daude, eta estatuen oinarrizko eskumenaz harago, autonomia erkidegoak dira baimen edo lizentzia horiek arautzen dituztenak. Era oso mugatuan bada ere, autonomia erkidegoek euskarazko gutxieneko eskaintza bat bermatzeko aukera izan dute. Aurrerantzean baina, eduki horiek guztiak telefonia operadoreen sarearen bidez hedatuko dira eta horiek arautzeko eskumena (espazio radioelektrikoa arautzeko eskumena) estatuei soilik dagokie. Eta Enric berak ongi zioen moduan, eskumenik gabe ezin da multinazionalekin negoziatu.

Europako Batasunak estatuei bertan ekoiztutako edo beren hizkuntzan sortutako gutxieneko eduki bat arautzeko aukera eskaini nahi die, baina horrek ez du ezer bermatzen hizkuntza bat baino gehiago erabiltzen diren herrialdeetan, are gutxiago gurea bezalako kasu batean, Espainiak gaztelania eta Frantziak frantsesa lehenesten eta babesten dituztenean. Gai honi jarraipen estua egin beharko zaio eta ahal den heinean erakunde publikoek euskararen normalizazio prozesua azkartzeko neurriak har ditzaten eragin.

‘Fake news’-ekin nahikoa ez eta orain ‘Deep fake’ delakoak

Aurreko urteetan bezala, 2019an ere izan dira fake news edo albiste faltsuekin lotutako gertakari deigarriak eta asko dira jada azken urteotan agerian gelditu diren iruzurgileak (Janet Cooke, Stephen Glass, Mahuel Maciel, Jayson Blair, Claas Relotius...). Dena dela, Fito Rodriguezek 2019an argitaratutako ‘Fake News’-ak ez dira atzo goizekoak liburuan gogorarazten digun bezala, bakarkako iruzurgileez harago, gezurraren erabilera oso zaharra da eta ez da kazetaritzaren eremura mugatzen. Ziurrenik horrelako iruzurrak ekiditeko ahaleginak ere ez dira berriak, halere sare sozialen hedapenak neurri edota bitarteko berriak eskatzen ditu.

Komunikabide handietan esaterako fact-checking edota social debunking delakoak baliatzen dituzte, lehena iturri ofizialetan eskaintzen diren datu edota gertaerak egiaztatzeko eta bigarrena sare sozialetan zabaltzen diren edukien egiazkotasuna ziurtatzeko. Komunikabide handienek hamaika laguneko lantaldeak dituzte lan hori egiteko; dena den, ikusi den bezala, bitarteko horiek batzuetan ez dira eraginkorrak. Der Spiegel-en esaterako, 50 lagun baino gehiago aritzen omen dira egiaztatze lanetan, baina hala ere Claas Relotius kazetari «izarrak» hainbat urtez asmatutako dozenaka erreportaje argitaratu zituen inolako arazorik gabe.

Hala ere, esan bezala, albiste faltsuen arazoa ez da ospea edo sariak nahi dituzten kazetari izarretara mugatzen. Arazoa zoritxarrez orokorragoa eta larriagoa da, gero eta pertsona gehiagorentzat informazio iturri nagusi edota bakar sare sozialak bilakatzen ari diren heinean.

Nazioartean ugaritzen ari dira albiste faltsuen hedapena mugatzen saiatzeko ekimenak. 2015 urtean IFCN (International Fact-Checking Network) taldea sortu zuten eta 2016an Europako Batzordeak HLEG adituen taldea jarri zuen gaiaren inguruan lanean. Era berean, gero eta gehiago entzuten dira komunikabide desberdinen arteko ekimen edota elkarlanak. 2018an, esaterako Brasilen, 24 komunikabidek Comprova proiektua sortu zuten, eta gertuago ere badira fact-checking delakoan espezializatzen ari diren ekimen edota agentziak. Google eta Facebook ere pausoak ematen ari dira beren sare sozialetan egunero hedatzen diren eduki faltsuak mugatzeko, baina haien helburu nagusia dirua irabaztea den heinean, ez zaie interesatzen beren erabiltzaileen gehiegizko kontrola.

Edozein kasutan, egiten den ahalegin hau guztia ez da nahikoa eta bidean arrisku berriak sortzen ari dira. 2019an ezagutu ditugu bideo batean pertsona baten irudia beste baten irudiarekin ordezkatzeko sistemak, edota audio batean pertsona jakin baten ahotsa ordezkatzeko gai direnak. Fake news-ak mugatu eta zokoratu ezinik gabiltzan honetan, faltsutze sakona edo deep fake delakoa datorkigu gainera.

Parean manipulatu gabeko euskarriak frogatzeko sistemak ere sortzen ari dira baina egiaztapen prozesuek beti denbora gehiago beharko dute eta hedatutako edukia faltsua dela frogatzen denerako, maiz, beranduegi izango da, kaltea jada egina egongo baita.

Atal honekin amaitzeko, bitxikeria hutsa izan zitekeen baina praktika orokortua izan dela eta dela pentsarazten digun pasarte bat. Maiatzean, Espainiako Onda Cero irrati kateko saio ezagun batean Alfredo Perez Rubalcaba espainiar politikariaren heriotzaz ari zirela, zerbait gogoko ez zuenean errieta egiteko kazetariei deitzeko ohitura zuela aipatu zuen solaskide batek eta halaxe baieztatu zuten bertan ziren gainerako kazetariek. Are gehiago, Espainiako presidenteorde eta hainbatetan ministro izandakoak epaileei deitzeko ohitura ere bazuela adierazi zuten munduko gauzarik normalena balitz bezala. Esandakoa, agintari (eta kazetari) batzuen artean praktika orokortua dela pentsatzeko adibide argigarria.

Kazetaritzaren aurkako erasoak

Zoritxarrez, 2019. urtean ere, kazetarien zein kazetaritzaren aurkako hainbat erasoren berri izan dugu. Urte hasieran Google konpainiak Hispan TV eta Press TV telebista kateei beren kontuak eten zizkien (Gmail, Youtube...) «arauak urratu» zituztela argudiatuz eta, beste behin, erraldoi teknologikoak komunikabideen lana baldintzatzeko eta edukien hedapena mugatzeko duen boterea agerian utziz. Gertuago, Espainiako Estatuan, Vox alderdi ultraeskuindarrak gobernura iritsiz gero hainbat telebista kate itxiko zituela iragarri zuen, tartean erkidegoetako telebista publikoak. Ildo beretik, ezagunak dira Donald Trump bezalako politikari eskuindarrek komunikabideen aurka egiten dituzten adierazpenak eta, besteak beste, Mugarik Gabeko Kazetariek ohartarazi dute AEBetan ugaritzen ari direla kazetarien aurkako heriotza mehatxuak.

Bestalde, Espainiako Gobernuak ez du mozal legea indargabetu eta milaka dira araudi hori baliatuz ezarri diren isun edota zigorrak. EAEko Legebiltzarrak zein Nafarroako Parlamentuak lege hori indargabetzea eskatu izan duten arren, Ertzaintzak eta Foruzaingoak maiz baliatzen dute arau hori eta asko dira isunak jaso dituzten herritarrak edota kazetariak. Dena dela, 2019an garaipen txiki batzuen berri ere izan dugu. Errekaleor auzoa hustutzeko polizia-operazioaren berri emateagatik Ertzaintzak Hala Bediko kazetari bati jarri zion 602 euroko isuna bertan behera uztea erabaki zuen epaile batek apirilean.

Baina kazetariak beraiek erasotzaile izan diren afera ere lehertu da 2019an. La Ligue du LOL izeneko taldeko kideak hainbat urtez emakumezko kazetariei, feministei, idazle beltzei edota gizon homosexualei sare sozialetan jazarri zitzaien soslai anonimoak baliatuz eta 2019ko otsailean jakin da nortzuk osatzen zuten talde hori. Tartean dira Frantziako kazetari entzutetsu batzuk eta aferak lurrikara handia eragin du Frantziako esparru mediatikoan. Gehien-gehienak lan egiten zuten komunikabideetatik kaleratu dituzten arren, argitaratu denaren arabera, erredakzio batzuetako arduradunek bazuten beren kazetarietako batzuk egiten ari zirenaren berri 2010. urtetik.

Urte amaieran jada, urrian, Bartzelonako hauteskunde batzordeak TV3eko eta Catalunya Radioko kazetariei ezarritako debekuak harrotu zituen hautsak. Azaroaren 10eko hauteskundeak iritsi arteko kanpainako egunetan kazetariek ezingo zituzten «preso politikoak», «erbestea» edota «erbestean dagoen presidentea» hitzak erabili. Hauteskunde batzordearen neurriak Kataluniako kazetari elkarteen eta langileen ordezkarien erabateko arbuioa eragin zuen baina batzordeak ez zuen atzera egin. Ez da hauteskunde batzordeak Kataluniako talde publikoari halako debekuak ezartzen dizkion lehen aldia. Aurreko bi urteetan antzeko mugak jarri dizkio hauteskunde kanpainatan eta uztailean bertan, TV3 kateari 1.200 euroko zigorra jarri zion, bozen garaian preso independentisten inguruko dokumental bat emititzeagatik.

EUSKAL HEDABIDEEN TESTUINGURUA

Aurrez esan bezala, euskal hedabideei dagokienean urte garrantzitsua izan da 2019a, besteak beste, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erakunde nagusiekin adostutako hiru urterako finantzaketa marko berria abian jarri delako. Urtekari honen 12. atalean gai hori berariaz lantzen duten bi artikulu irakur daitezkeela kontuan hartuta eta azalpenak ez errepikatzeko, sektorearekin zerikusia izan duten bestelako kontuak aletuko ditugu jarraian

Euskal hedabideen gorabeherak 2019 urtean

Hasteko EAEko irrati lizentzien auzia aipatu behar dugu. Patxi Lopez lehendakari zela egin zen frekuentzien esleipenean okerrak egon ziren eta hainbat lizentzia esleitu gabe gelditu ziren. Gerora epai-bidea hartu zuten zenbait hedabideri (Antxeta irratia, Naiz irratia...) arrazoi eman zieten epaileek, baina bide hori baliatu ez zuten beste batzuk lizentziarik gabe gelditu ziren. Urteak pasa dira eta Jaurlaritza berriak eman gabe gelditu ziren lizentziak esleitu ditu 2019an, eta beste batzuen artean baimena eskuratu dute euskarazko bi egitasmok, Gasteizko Hala Bedi Bi euskarazko irratiak eta Uribe Kostan irratigintza euskalduna sustatzeko elkarteak. Oraindik ere Bilbo Hiria irratiaren afera argitu gabe dago (SER kateari esleitu zitzaion Bilboaldean euskarazko irratia eskaintzeko bi lizentzietako bat) eta irabazi asmorik gabeko irrati komunitarioen auzia ere argitu beharko da, baina orokorrean 2019an zazpi urte lehenago abiatutako afera amaitu dela esan daiteke.

2019an zehar proiektu berriak ere jaio dira, aipatutako Naiz irratiak froga emisioak egiten aritu ondoren eguneroko saioei ekin zien maiatzean eta Ipar Euskal Herrian, Nafarroa Beherean, Amikuzeko irratiak bere lehen urtea bete zuen. Era berean, hainbat urtez bakoitza bere aldetik aritu ondoren, Bilboko elizbarrutiko Bizkaia Irratiak eta Herri Irratiak, egoitza, zuzendaritza eta abar bateratzea erabaki dute. Lehena euskara hutsean aritzen da baina bigarrena ez eta bategiteari esker, besteak beste, Herri Irratian euskarazko eduki gehiago eskainiko omen dituzte. 2017tik isilik zen Basaburuako Esan Erran irratiak emanaldiei berrekin zien astelehenetik ostiralera, goizeko 10:00etan, eskualdeko berriekin eta elkarrizketekin osatutako magazina eskainiz eta gainerako programazioa Arrosa sareko irratsaioekin osatuz. Bestalde, urte amaieran Antxeta irratiak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan hasi zituen emisioak, urte hasieran Donostialdean emititzeko lizentziaz gain Bilbon, Gasteizen eta Iruñean emititzeko baimena eskuratu baitzuen.

Euskal Herriko zazpi herrialdeetako 23 irrati biltzen dituen Arrosa sareak berak topaketak antolatu zituen martxoan Urretxun eta etorkizuneko erronken inguruan hitz egiteaz gain, sarera batzeko deia egin zieten oraindik ere sareko kide ez diren euskal irratiei. Bestalde, Korrikak iraun zuen bitartean, herri lasterketa jarraitzen duen furgonetatik zuzeneko konexioak eskaini zituzten.

Argi dago irratia indartzen ari den euskarria dela eta 2019an joera hori nabarmena izan da euskal komunikazio esparruan. Irrati berriak sortzen dira eta zaharragoak direnak berritu. Horrez gain, gero eta gehiago dira beren ohiko eskaintzari podcastak gehitzea erabaki duten komunikabideak. Zuzeu atariak esaterako, astero lau podcast saio eskaini ditu 2019an zehar: Bipareta izeneko saioan, mahai-inguruak egin dituzte hiru kazetarirekin (bi kazetari Zuzeu atarikoak eta hirugarrena beste komunikabide batekoa). Barruan gaude izenekoan berriz, Oier Arantzabal astero pertsonaia baten etxera sartu da bertan elkarrizketa luze eta mamitsua egin asmoz. Hirugarren podcast saioa, 10 minututan izenekoa, Maite Goñi irakasleak gidatu du eta hamar bat minutuz teknologiari eta hezkuntzari lotutako gaiak landu dituzte. Laugarrena, aldiz, Euskal Gaizkileak deitutakoa eta Bikoiztaile Euskaldunen Elkartearen laguntzarekin egindakoa, dramatizatutako euskal historiako krimen kontakizunak eskainiz. Podcast hauek guztiak gainera nazioarteko plataforma erabilienetan jarri dituzte entzungai, Spotify, Google, iTunes eta antzekoetan. Lehenagotik ezaguna zen Puntueus elkarteak Euskadi Irratiaren kolaborazioarekin egiten zuen Sarean saioa eta 2019an Etzi.pm ekimenak Gramofonoa izenekoa jarri zuen abian. Bigarrenez podcast sortzaileen eta entzuleen Euskalpod topaketa ere egin zuten Urnietan eta umorea, teknologia, ikus-entzunezkoak, irrati libreak eta beste hainbat gai jorratu zituzten beste horrenbeste saiotan. AEK-k Igogailua izeneko podcasta sortu eta hedatu zuen 2019ko maiatzean eta Berria-k ere podcasten aldeko apustua egin du azkenaldian, podcast tematikoak (podcast feminista, musikari buruzkoa...) zein zutabe modukoak (Kirmen Uribe, Ane Irazabal) eskainiz. Eta online daude baita Argiaren podcastak ere, askotariko gaiak Argiako kazetarien eskutik aletzen dituzten piezak. Argi dago podcastak indarberrituta itzuli zirela 2019. urtean eta dirudienez joera areagotuz joango da.

Aurreko urteetan bezala, euskarazko hedabideen artean gai edo gertakizun zehatzen inguruko elkarlanak eman dira 2019an ere. Korrikaren jarraipena egin dute hainbat euskal hedabidek eta hasiera zein bukaera zuzenean eskaini dituzte. Era berean, Donostiako Zinemaldiaren inguruan edota bestelako ekimen edo gertakizun zehatzen inguruan hedabideen arteko elkarlanak eman dira, baina eremu honetan ez da berrikuntza edo aurrerapauso nabarmenik abian jarri.

Nola ez, urtean zehar hainbat komunikabidek beren eskaintza hobetzeko pausoak eman dituzte. Urte hasieran hitza.eus ataria eta eskualdeetako Hitzen webguneak berritu zituzten erabilgarritasuna erraztu asmoz. Multimedia atala indartzeaz gain, hitzakideentzako atal berezia sortu zuten eta webguneetan bilatzaile aurreratu bat txertatu. Eskualde bakoitzean inguruko ekitaldien berri ematen duen agendaz gain, zorion-agurren zein eskelen atalak ere gehitu dituzte.

Era berean, Arabako Alea-k webgune berria jarri zuen abian otsailean eta, besteak beste, sakelako telefonoetan erabilgarriago izateko prestatu zuten, izan ere, gero eta gehiago dira sakelakotik iristen zaizkien bisitak (2016an % 40 ziren eta 2018an % 65).

Tolosako ataria-k ere webgunea eta multimedia atala indartu zituen, besteak beste, publiko gehiagorengana eta bereziki gazte gehiagorengana iritsi asmoz. Bost urteko ibilbidearen ondoren otsailean 1.000. zenbakia argitaratu zuten.

Hamaika telebistak bestalde, Hezurren memoria izeneko saioa eman zuen 2019. urtean zehar. Nafarroako memoria historikoaren inguruan sekula egin den ikus-entzunezko dokumentazio eta testigantza bilduma garrantzitsuenetakoa. Estatu kolpe frankistaren eta ondorengo urte latzen inguruko informazio eta testigantzak 32 ataletan banatuak.

Argia astekariak 100 urte bete zituen 2019an eta mendeurrena ospatzeko ekitaldi desberdinak antolatu zituzten urtean zehar. Maiatzean euskal kazetaritzan sakontzeko Argia 2019-2019: zerukotik lurrekora zikloa antolatu zuten eta urrian mendeurren festa. Lehenago baina, urtarrilean, urtero bezala Argia sariak banatu zituzten eta hauek izan ziren sarituak: irratian Xamar Euskal Jendea irratsaioagatik, prentsan Gari Garaialde fotokazetaria migrazioaren errealitatea ikustarazteagatik, ikus-entzunezkoetan Askekintza animalien eskubideen alde egindako Gurean dokumentalagatik, Interneten Berria egunkaria indarkeria matxistaren biktimen mapagatik, sustapenean Altsasuko gurasoak egindako komunikazio lanagatik, eta merezimenduzko atalean Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindia 100 urtez euskararen alde lanean aritzeagatik.

Martxoan EHUko HEKA Europar Hizkuntza Gutxituetako Hedabideak eta Kazetaritza Ikerketa Taldeko kideek hizkuntza gutxituetako komunikabideei buruz egindako ikerketaren berri eman zuten Atlantan, AEBetan, Hizkuntzalaritza Aplikatuko Amerikako Elkartearen urteko kongresuan. Azaldu zutenez, Europa osoan 1.070 komunikabide ari dira beren berezko hizkuntzan eta 4.800 dira hedabide horietan lanaldi osoz ari diren kazetariak. Euskal Herriari dagokionez, besteak beste, euskarazko komunikabideetan 577 kazetari ari direla azaldu zuten, alegia, kazetari bat 2.000 euskal hiztun bakoitzeko (Katalunian kazetari bat 2.500 biztanleko). Horrez gain, euskarazko komunikabideek sektore garrantzitsua osatzen dutela ere azpimarratu zuten, ikerketaren arabera urtean 103 milioi euroko diru sarrerak dituztelarik (ETB1 barne hartuta). Ikerketaren xehetasunak Urtekari honen azken artikuluan irakur daitezke luze eta zabal.

Bestalde, 2019an ETBk eta Elhuyarrek elkarlanean ekoiztutako Teknopolis saioak 20 urte bete zituen eta hausnarketa interesgarriak irakurri ahal izan ziren sare sozialetan zein euskarazko zenbait komunikabidetan. Urteak pasa ahala egoera eta hartzaile desberdinetara egokitzen jakin duen saioa izan da, zientziaz edota teknologiaz era erakargarrian eta euskaraz aritu dena eta urteekin erreferentzia bilakatu dena. Komunikazioaren mundua abiada bizian doa eta telebistan frogak azkar eta baliabide gutxirekin egin behar omen diren honetan, argi dago euskarazko telebista publikoan audientziak ezin duela saioak jarri edo kentzeko irizpide bakarra izan, zenbait apustuk bere bidea egiteko eta bere audientzia lortzeko denbora behar dutelako, Teknopolis saioa dugu horren adibide.

Amaitzeko, ezin euskal hedabideen inguruko atal hau itxi 2019an fenomeno bilakatu den Egunean Behin egitasmoa aipatu gabe. Berez, Egunean Behin ez da hedabide bat, sakelako telefonoetarako tribial joko bat da, baina app batek edota gamifikazioak euskarazko edukiak sortu eta hedatzeko zer-nolako ahalmena duen ikusteko adibide paregabea bilakatu da. Lehen denboraldian 10.000 erabiltzaile izan zituen, uda ondoren 45.000ra iritsi zen eta urtea amaitzerako 60.000 ziren erabiltzaileak. Euskal Herriaz eta euskaraz era dibertigarrian aritzeko aukerak eskaintzen direnean, hartzaileek aukera horiek eskertu eta baliatzen dituzte. Digitalizazioak arriskuak ez ezik, aukerak ere eskaintzen ditu eta horiek behar bezala baliatzean dago gakoa.

Asko izan dira beren atariak, formatuak edota edukiak hobetu eta berritu dituzten euskal hedabideak; hainbatek Telegram edota Instagrameko kanalak jarri dituzte abian eta aurrez esan bezala, podcastak eskaintza abiatu edo zabaldu. Zentzu honetan euskal hedabideak ez daude geldirik, pausoak ematen ari dira eta pozgarria da hori, izan ere, komunikazioaren mundu hau abiada bizian doa eta inor ezin da «bertan goxo» gelditu.

Bestalde, Europako beste hizkuntza gutxiagotuetan ere hainbat aldaketa gertatu dira 2019an. Batzuk onerako eta beste batzuk txarrerako. Galizian esaterako galego hutsean ariko den egunkaria sortu zuten herritarren harpidetza kanpaina bati esker eta jaioberriak lehen urtea bete du.

Eskozian, aldiz, BBC kate publikoak ingelesez ariko den telebista kate berria jarri zuen abian eta horrek kezka eragin du gaelikoaren berreskurapenaren aldeko mugimenduan, izan ere, herritar gehienak elebidunak direnez gaelikoz emititzen duen BBC Alba kateak ikusleak galtzeko arriskua ikusten dute. BBC Alba telebista katea BBCk eta MG Albak elkarlanean egiten duten katea dela kontuan hartzen badugu, ez dago oso argi BBCk apustu berri honekin zer lortu nahi duen. Kate berriak hizkuntza hegemonikoa, aurrekontu handiagoa eta errepikapen gutxiago izango ditu: 37 milioi euroko aurrekontua eta programazio orduen % 50 errepikapenekin osatuko du, BBC Albak 15 milioiko aurrekontua eta orduen % 74 errepikapenekin osatuko duen bitartean.

Herrialde Katalanetan, berriz, 2019an El Punt Avui katalanezko egunkariaren telebista katea itxi zuten eta bertan ari ziren 11 lagunak kaleratuak izan ziren. Erabakia taldea berrantolatzeko eta testuinguru ekonomiko berrira egokitzeko hartu omen zuten.

Hizkuntza gutxiagotuetako komunikabideei buruzko mintegia Edinburgon

Etxepare Institutuak eta Edinburgoko Unibertsitateak antolatuta hizkuntza gutxituetako komunikabideen inguruko mintegia egin zen 2019ko urrian eta bertan izan ziren, besteak beste, Euskal Hedabideen Behategiko arduradunak. Behategia zer den eta lantzen dituen ildoak aurkezteaz gain, euskarazko komunikabideen ekosistemaren ingurukoak ere azaldu zituen Behategiko koordinatzaile Libe Mimenzak.

Nazioarteko beste aditu eta hizlarien artean euskal ordezkari gehiago ere izan ziren. EHUko Nor Ikerketa Taldeko Josu Amezagak berriz, azken hamarkadetan euskal hedabideen audientzien bilakaeraren nondik norakoak azaldu zituen eta ikerketa talde bereko Edorta Arana eta Bea Narbaiza EHUko irakasleak unibertsitateko ikasleen euskarazko ikus-entzunezko kontsumoaz aritu ziren.

Baina euskal ordezkaritza ez zen hor amaitu. EHUko Joseba Fernandez de Landa, Rodrigo Agerri eta Iñaki Alegriak euskaldun gazte eta nagusiek Twitter nola erabiltzen dugun azaldu zuten. Aztiker ikerguneko Enara Eizagirrek ...Eta kitto! komunikabidearen inguruan egindako inkestaren emaitzak aurkeztu zituen. Marylandeko unibertsitateko Jaione Diazek identitateari buruzko hausnarketa egin zuen Idahoko euskal komunitatetik. EiTBko Itziar Azpeitia euskarazko ikus-entzunezkoez eta aro digitaleko telebistaren erronkez aritu zen. EHUko Aida Vallejo eta Amaia Nerekan Euskal Herriko zinemaldiak, euskarazko filmentzat dituen aukera eta trabei buruz aritu ziren. Unibertsitate bereko Elizabete Manterola eta Ana Tamayo Handia bezalako film eleanitz batean itzulpenak suposatzen duen erronkaz aritu ziren. Eta, azkenik, Urtzi Urrutikoetxeak hizkuntza txikietako atzerriko fikzioaz jardun zuen.

Gertuko komunikabideen kongresua Herrialde Katalanetan

Herrialde Katalanetako hedabideak biltzen dituen AMIC erakundearekin batera Gertuko Komunikabideen Pirinioarteko Kongresua antolatzen ibili ondoren, azkenean urrian ospatu zen La Seu d’Urgellen aipatutako biltzarra. Euskal Herriko komunikabide eta erakundeetako ordezkaritza zabalak parte hartu zuen bi eguneko biltzarrean eta ikasteko aukera ez ezik, gure esperientzia desberdinak aurkezteko parada ere izan genuen.

Hasteko Euskal Hedabideen Behatokiko koordinatzaileak, Libe Mimenzak, euskarazko komunikabideen kartografia aurkeztu zuen eta Estibaliz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak euskarazko hedabideen laguntza publikoei buruz hitz egin zuen. Bestalde, BERRIAko Pello Urzelai beren metrika sistema berriaz aritu zen eta Tokikomeko zuzendari komertzial Iraitz Elgezabalek Euskal PMP egitasmoari buruz hitz egin zuen.

Eta Kitto! aldizkariko koordinatzaile Ana Aizpuruak tokiko ekonomia eta gizartea dinamizatzeko lana azaldu zuen eta CodeSyntax enpresako proiektu buru Josu Azpillagak berriz Hekimen Analytics egitasmoaren berri eman zuen.Segidan Euskal Irratietako erredaktore buru Jose Luis Aizpuruk beren saretze esperientziaz hitz egin zuen eta Goienako ikus-entzunezko zuzendari Oihane Agirrek berriz MOJO edo Movil Journalism delakoari buruz. Azkenik, Elhuyarreko ordezkari Xabier Saralegik komunikabideetan emakumeen presentzia automatikoki neurtzeko sistema baten berri eman zuen.

Esan bezala oso esperientzia aberasgarria izan zen, asko ikasi eta zerbait irakasteaz gain, pertsona eta egitasmo berriak ezagutu eta harremanak egiteko aukera izan genuelako. AMIC zein Hekimen elkarteen asmoa bi urtera, alegia, 2021ean, kongresuaren bigarren edizioa ospatzea litzateke, hori bai, oraingo honetan Euskal Herrian.

Honaino 2019. urteak nazioartean zein euskal komunikazio esparruan eman duenaren laburpena. Ez ditugu gertatu diren guztiak aipatu, baina aipatutako guztiak gertatu dira. Ikus daitekeenez, euskal komunikazio esparrua bizi-bizi dago, baina aurrean ditugun erronkak ez dira nolanahikoak eta tarte bat hartu beharko genuke, elkartu, hausnartu, hitz egin eta elkarlanerako esparru edo egitasmo batzuk adosteko. Hekimen elkartean, besteak beste, horretan ere ari gara eta laster pauso berriak emango ditugu esparru honetan ere.