Elhuyarren Elia erabiliz lortutako itzulpen automatikoa
en
Urtekaria 2021 | Josu Amezaga Albizu (NOR Ikerketa Taldea, EHU)

Bizi dugun panorama aldakorrean euskarazko komunikazioak aurrera egingo badu, ezinbestekoa du enpresa handienen estrategia buruek argiro aldarrikatu ohi duten zera: datuak, datuak eta datuak.

 

Sistemaren helburuak eta baldintzak

 

Testuingurua

Aspaldikoa da euskarazko komunikabideek euskal gizartean duten zabalkundea neurtu beharraren aldarrikapena. Luze jo gabe, bi dokumentu nagusi aipa ditzakegu: herri ekimeneko euskarazko komunikabideek 2012an plazaratu zuten Herri ekimeneko euskal hedabideak txostena, bata (Anboto aldizkaria et al. 2012/); eta Euskararen Aholku Batzordeak urte berean onartutako Euskara Sustatzeko Ekintza Plana, bestea (Euskararen Aholku Batzordea 2012/).

Herri ekimeneko euskal hedabideak txostena

Txosten hau herri ekimeneko euskarazko komunikabide gehien eta nagusiek 2011-2012an burututako gogoeta estrategikoaren emaitza da. Gogoeta hura Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gipuzkoa Berritzen programaren baitan burutu zen, Innobasqueren laguntzarekin. Gogoetaren emaitzetako bat Hekimen elkartea sortzea izan zen.

Txostenean zenbait erronka estrategiko identifikatzen dira euskarazko komunikabideentzat, tartean honakoa:

1. Erronka: Sektoreak euskararen normalizazioan daukan zeregina ikusita, behatoki bat martxan jartzea. Behatokiaren helburua izango litzateke sektoreak eta administrazio publikoek euskararen normalizaziorako adostu ditzaketen urratsak bideratzea eta jarraipena egitea:

    • Irismenaren neurketa zehatzak egitea.
    • (…)

Euskara Sustatzeko Ekintza Plana

Dokumentu honek Eusko Legebiltzarrak 2009an onartutako Euskara 21 gogoetan du abiapuntua, eta Euskararen Aholku Batzordean egin zen lanaren ondorioz, ekintza plana proposatzen da.

Planak garrantzi handia ematen die euskarazko komunikabideei zein euskarazko publizitateari. Horrela, besteak beste, komunikabideen atalean proposatutako ekintzen artean, honakoak agertzen dira:

  • Euskarazko hedabideen behatokia sortu eta garatzea.
  • Azterlan berezi baten bidez, euskarazko hedabideen erabiltzaileen eta publiko potentzialaren komunikazio beharrak ezagutzea.
  • Euskarazko hedabideetara egokitutako audientzia-azterketa sistema bat eratzea.

Gaia, beraz, ez da sortu berria. Eta badirudi modu zabalean identifikatutako behar bati erantzuten diola. Bi dokumentu hauek esandakotik jadanik hainbat urrats eman dira. Batetik komunikabideek aldarrikatzen zuten behatokia eratu zen 2016an. Behategiak, geroztik, hainbat lan eta proiektu garatu ditu gaiaren inguruan. EAEko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bestalde komunikabideen audientzia datuak integratu ditu Euskararen Adierazle Sisteman, Behategiarekiko lankidetzan. Eta lankidetza beraren barruan urratsak ematen ari da neurketa sistema osoago bat lortzeko.

Norabidea beraz ona dela esan daiteke; baina euskarazko komunikazioak beharko lukeenetik, oraingoz, urrun gaude. Bizi dugun panorama aldakorrean euskarazko komunikazioak aurrera egingo badu, ezinbestekoa du enpresa handienen estrategia buruek argiro aldarrikatu ohi duten zera: datuak, datuak eta datuak.

Audientzien eta kontsumoaren ebaluaketaz bi hitz

Komunikabideak gizartera nola eta noraino iristen diren ezagutzeko bi bide nagusi daude: banakoak fokatzen dituena bata, eta gizarteko fenomenoak fokatzen dituena bestea. Lehenengoa audientziaren neurketan eta analisian oinarritzen da: komunikabide bakoitza zenbat pertsonak kontsumitzen duten, zein profil duten, kontsumo hori zein baldintzetan gauzatzen den eta abarrak aztertzen dira. Hurbilpen honetan ikuspegi kuantitatiboa nagusitzen da (nahiz eta teknika kualitatiboak ere erabiltzen diren), eta berak hartzen du pisurik handiena. Izan ere komunikazioaren merkatuak diru asko mugitzen du gaur egungo munduan, neurri handi batean publizitatearen industriak gidatuta. Eta publizitateari etekin handiena ateratzeko, audientzia ezagutu beharra dute publizitate erosleek.

Bigarren hurbilpenak aldiz gertaera sozialetan jartzen du fokoa, ez hainbeste banakoen jokabidean. Komunikabideek gizarte bati eragiten diotena inpaktu kuantitatiboen bidez solik neurtzerik ez dagoelakoan, bestelako tresnak erabiltzen dira; kualitatiboagoak, baina kuantitatiboei muzin egin gabe (adibidez inpaktu ekonomikoa neurtzen denean). Hurbilpen honek aurrekoak baino presentzia txikiagoa du komunikabideen inguruko ikerkuntzan: izan ere hura ez bezala, ez du epe laburreko etekina bilatzen. Aitzitik, giza jardueren ondorio sozialekiko kezka dutenek dute eremu honetan interes handiena: hainbatetan, botere publikoek (adibidez tradizio britaniarrean komunikabideak zerbitzu publikoaren betekizunak betetzen ari ote diren ala ez ebaluatzen dutenean).

Euskararen biziberritzea helburu, komunikazio ohiturak eta kontsumoak neurtu nahirik, bi ikuspegiak hartu behar dira kontuan. Euskarazko komunikabideak publizitate merkatuan hobeto jardutea garrantzitsua da; baina hizkuntza politikak behar duen informazio mota, publizitate asmoekin lortzen denaren ezberdina izango da zenbaitetan.

Sistemak bete beharko lituzkeen helburu nagusiak

Euskarazko komunikazioak beharrezkoa duen sistemak honako helburu hauek bete behar ditu gutxienez:

Euskarazko komunikabideentzat:

  • Beren lanaren feedbacka jasotzeko bide izan.
  • Publizitate merkatuan kokatzeko aukera lortu.

Erakunde publikoentzat:

        • Euskarazko komunikazioaren arloan egiten duten plangintzarako tresna izan, egindakoaren emaitzak baloratzeko eta egitekoen aukerak eta beharrak identifikatzeko informazio zehatz eta landuan oinarrituta.

Gutxieneko baldintzak eta baldintza desiragarriak

Helburu horiek gogoan, sistemak honako gutxieneko baldintzak bete beharko ditu:

  • Zientifikotasuna. Publizitate merkatuan truke balio gisa erabilia izatea da, mundu osoan, audientzia ikerketen emaitzen helburu nagusia: “veritat pactada” S. Cardús soziologoaren hitzetan (Cardús 2007/). Horrek ez du ikerketa hauen balio zientifikoa apaltzen; izan ere, errealitatea benetan den modukoa ezagutu ezean nekez lortuko ditu, publizitateak ere, bere helburuak. Baina ezin da ukatu munduan publizitate merkatuak hainbeste diru mugitzeak truke balioan jartzen duela, sarritan, fokua. Eta zalantzaren aurrean, berau nagusituko da.Euskarazko koumunikazioak behar duen sistemak aldiz ezinbestekoa du errealitatearen ezagutza ahalik eta zehatzena eta eraginkorrena lortzea, hizkuntza plangintza gidatu ahal izateko eta komunikabideen jardunaren feedbacka emateko. Esan nahi baita, ez da nahikoa publizitateko truke balioa izango duen datua lortzea: politika bat oinarritzeko errealitatearen ezagutza fidela eman behar du.
  • Estandarizazioa. Aurrekoak ez ditu ordea alboratzen mundu mailan erabiltzen diren estandarrak jarraituko dituen sistema baten abantailak. Estandar horiek aukera eman diezaieke komunikabideei publizitate merkatuan aintzat hartuak izateko, eta ondorioz diru sarrerak handitzeko.
  • Adostasuna. Audientzien neurketa sistemen hirugarren baldintza izaten da adostasuna edo kontsentsua. Erabiltzen diren teknikek eta lortzen diren emaitzek inplikatutako eragile guztien onarpena behar dute, truke balioa izan dezaten. Gure kasuan, herri erakundeek eta komunikabideek beraiek partekatu behar dute adostasuna. Hori gabe, sistemak arazo gehiago ekarriko ditu konponbideak baino.

Ezinbesteko baldintza horiez gain desiragarriak izango liratekeen baldintzak aipa daitezke:

        • Dimentsio ezberdinetako neurketak. Hizkuntza plangintzaren ikuspegitik, euskarazko komunikabideen zabalkundea ezagutzea bezain ezinbestekoa da populazioak orokorrean eta euskaldunek zehazki dituzten komunikazio praktikak ezagutzea. Ez da nahikoa euskarazko komunikabideak zenbat eta nola kontsumitzen diren jakitea: euskal herritarrek (beren hizkuntza gaitasun ezberdinekin) zer eta nola kontsumitzen duten jakitea ere berebizikoa da, bai komunikabideek publiko potentzial berriak atzemateko, bai komunikazio politikak diseinatzeko. Sistemak bi dimentsioei begiratu behar die beraz.
        • Moldakortasuna. Sistema moldagarria izan behar da, informazio iturri zein teknika berriak garatu ahala erantzun ahal izateko. Izan ere bai komunikazioan bai audientzien neurketan abiadura handiko aldaketak gertatzen ari dira, eta tresnak aldatzeko prest egon beharra dago.
        • Jarraikortasuna. Moldakortasunak ez du datuen alderagarritasuna oztopatu behar. Izan ere audientzia datuen balio handienetako bat joerak aurreikusteko ahalmena da, etorkizunari bezainbeste iraganeko bilakaerei begiratuta. Horregatik, neurketa sistema guztiek asko zaintzen dute datuak une batetik bestera alderagarri izatea. Zentzu horretan metodologia aldaketak ez dira errez egiten. Hau arazo bat da komunikazioaren, eskura dagoen informazioaren bolumen eta kalitatearen, zein ikerketa tresnen aldaketa garaian (Publicom AG 2017/).
        • Lurraldetasuna. Euskal komunikazio espazioa ez dator bat Euskal Herriaren lurralde banaketarekin. Euskarazko komunikabide askok euskararen lurralde osoan dute audientzia (erreala zein potentziala), nahiz administratiboki lurralde bati lotuta egon. Beraz, eratzen den sistemak dituen euskarri administratiboak dituela, lurraldeez harago begiratu beharra du ezinbestean. Eta hau inoiz baino egiagoa da sarearen garaian.

Oraingo egoera

 

Audientzien ikerketa Europan

Esan gabe doa audientzien neurketa garrantzitsua dela gero eta negozio bolumen handiagoa duen publizitatearen merkaturako. Merkatu horrek 127.000 milioi euro mugitu zituen 2017an Europako Batasunean (European Commission d. g.). Horrek erabakien erdigunean kokatzen ditu audientzien ikerketak: 14.500 milioi euro gastatu ziren, urte berean, merkatuen ikerkuntzan kontinente zaharrean.

Ikerketa horien emaitzek truke balio handia dute. Merkatuko eragileek, hots, publizitate saltzaileek (komunikabideek eta euskarriek), zein erosleek (publizitate agentziek eta iragarleek) trukerako onartu behar dituzte ikerkuntzak emandako datuak. Dirua bezala, trukea gerta dadin ezinbestekoa da batzuek eta besteek monetari balioa aitortzea.

Antolaketa eta gobernantzari dagokienez, oro har merkatuak arautzen du kasu gehienetan audientzien neurketa: datua ekoitzi eta saltzen duen enpresa pribatua izan, komunikabide eta publizitategileen sindikazioa izan, edota bien arteko sistema mistoa izan, gehienetan kanpoan geratzen da administrazioa, emandako finantzazio publikoak eskatzen duen funtzio sozialaren jarraipena egiten den kasuak salbu (adibidez Erresuma Batuan). Gurean, sistemaren helburuetako bat hizkuntza politika izanik, logikoa litzateke administrazioek nolabaiteko presentzia eduki beharko luketela pentsatzea.

Oso metodologia ezberdinak erabiltzen dira Europako sistemetan, besteak beste komunikazioaren panoramak daraman aldaketa abiadari erantzun ahal izateko. Zentsu-datuak (hots kontsumo erreala neurtzen dutenak, adibidez trafiko digitala) eta lagin-datuak (lagin batean oinarritutako datuak) konbinatzen dira. Lehenak lortzeko errazagoak dira, baina kontsumo hutsa erakusten dute: halako komunikabideak zenbat klik izan dituen bere plataforman, zenbat denbora, zein ordutan, eta antzeko datuak; baina ez dute esaten klik bakoitzaren atzean nor egon den (kontsumitzailearen profil soziodemografikoa edo linguistikoa adibidez), ez eta klik egin duen horrek zein beste komunikabide kontsumo izan duen. Horretarako laginketara jo beharra dago, sistema mistoen bidez (audimetria sistema kasu) edo multimedia inkesten bidez (pertsonen profilak eta kontsumo ohiturak konbinatuta).

Lagin eta metodologia horiekin egindako lanak, bistan da, garestiak dira. Neurketa agentziek haien urteko aurrekontuak argitaratzeko uzkur jokatzen badute ere, zenbait datu argitaratuta daude (Publicom AG 2017/). Horien artean, Austriako 4 milioi eurotik Frantziako 10 milioi eurotara mugitzen dira aurrekontuak, beti ere prentsaren audientzien kasuan (telebistaren audientzien neurketa garestiagoa izan ohi da).

Hizkuntza gutxituetarako erreferenteak

Gure antzeko egoeratan egon litezkeen beste kasu batzuei erreparatu diegu, beti ere Europaren baitan (kontinente zaharrean baitago garatuen hizkuntza gutxituen inguruko ikerkuntza).

Euskal Herritik begiratuta, Katalunia, Gales eta Galizia izan daitezke erreferente nagusiak, hizkuntza gutxituetako komunikabideei dagokienez. Izan ere hauei buruz egindako ikerketa konparatiboan (Zabaleta et al. 2018/), euskarazko 123 komunikabide identifikatu ziren, gurea izanik, katalanaren atzetik (751), bigarrena komunikabide kopuruari dagokienez. Hirugarrena galesera zen, 84 komunikabiderekin. Eta laugarrena galegoa, 60rekin. Irlandera eta bretoiera zetozen jarraian 12na komunikabiderekin, eta beste hainbat hortik beherako zenbakiekin.

  1. Gales

    Duela urte batzuk galeserazko komunikabideen audientziak neurtzeko sistema bat eratzeko ideia egon zen, baina ez zuen aurrera egin. Hortaz Erresuma Batuko neurketa sistemaren mende daude galeserazko medioak. Ondorioz, S4C telebistako datuak audimetria eta panelen bitartez jarraitu ahal badira ere, gainerako euskarrietan informazioa oso ahula da.

    Interesgarria da bestalde Erresuma Batuan komunikabideen zerbitzu publikoaz egiten den ebaluazioa. Indikatzaile kuantitatibo zein kualitatiboak konbinatuz, emandako finantzazio publikoa bere helburuak betetzen ari ote den aztertzen dute erakunde erregulatzaileek (Ofcom 2020/).

  2. Galizia

    Galesen antzera, Galizian ez dago galizierazko komunikabideen audientziak neurtzeko egokitutako sistemarik. Espainiako sistemak dira nagusi, eta horietatik kanpo geratzen dira hizkuntza horretako medio gehienak.

    Nos Diario, galizierazko egunkari bakarra, OJDn neurtzen da, euskarri digitalari dagokionez. Ez ordea EGMn.

  3. Katalunia

Katalunian aspaldikoak dira katalanezko komunikabideen audientziak propio neurtzeko sistema bat eraikitzeko ahaleginak.

2007an abiatu zen orain arteko saiorik garrantzitsuena: Baròmetre de la Comunicació i la Cultura, laguntza publiko handia lortu zuen FUNDACC fundazioaren eskutik (Sabaté 2019/). Ordura arte audientzia ikerketek ezkutuan zuten errealitate bat mahai gainean jartzeko balio izan zuen Barmetroak. Katalanezko komunikabideei egokitutako lagin eta erakunde propio bat erabilitzea gakoa izan zen horretarako. Alabaina sistema garestiegia zen2, eta galera handiak pilatu ondoren 2012an bertan behera geratu zen (Castelví 2011/). Horren ondoren hitzarmena egin zuen FUNDACCek EGMrekin, azken honen lagina handituz katalanezko komunikabideen audientziak hobeto neurtu ahal izateko. Horrekin, urte batzuk lehenago irratiekin jorratutako bidea zabaldu zen. Hitzarmenaren kostua urteko 600.000 eurokoa zen. Baina emaitzak ez zituen asetu komunikabideak, eta 2017an bertan behera geratu zen hitzarmena, laginak 2006ko egoerara itzulita. Gaur egun irrati katalanekin eginiko ituna bakarrik mantentzen da.

10 urteko esperientzien ondoren beraz, lehengo tokira bueltatu dira audientzien neurketak Katalunian. Laguntza deialdi publikoetako ebaluaziorako OJDko datuak erabiltzen dira, daudenean; gainerakoetan, inprenta gastuak justifikatu behar dira (beti ere medio imprimatuen kasuan).

Barometroaren ebaluazio zehatzik ez da, guk dakigula, inoiz egin. Baina haren sortzaile eta garatzaile nagusiekin hitz eginda3, zenbait puntu azpimarratzen dira:

Katalanezko komunikabideek eta katalanezko komunikazio espazioak ikusgarritasuna handitu beharra zuten. Behar horri erantzuteko jaio zen, nagusiki, Barometroa. Zentzu horretan emaitzak agerikoak izan ziren, hala presentzia sozialari dagokionez nola publizitatearen salmentari dagokionez. Barometroa itxi eta EGMra igarotzean, galera nabaritu zen.

Proiektua anbiziotsuegia izan bide zen, eta finantzazio arazoak izan zituen.

Audientzien neurketan “bigarren datua” sartu izanak arazoak sortu zituen. EGMren datuak soilik zeuden tokian bigarren datu iturri bat sartuta, publizitaterako audientzien neurketako baldintza bat hausten zuen: kontsentsua, Horren ondorioz komunikabideek gehien faboratzen zuten sistema lehenesteko joera zuten, eta publizitate erosleek ez zuten Barometroa oso kontuan hartu; Generalitateak bere pubizitatea Barometroaren datuen arabera banatzeko erabakia behar izan zen, tresna honek publizitatearen merkatuan nolabaiteko presentzia lortzeko.

Komunikazio ohiturei, kontsumoari eta eraginari buruzko informazioa Euskal Herrian

Azken hamarkadetan euskarazko komunikazioaren errealitatea ezagutzeko saiakerarik egin da, baina proiektuan edo erdibidean geratu da. Hiru aipa daitezke bereziki: EUKOA, KOEBS eta Behategia.

Proiektu horiez gain, zenbait datu iturri ere badira. Batzuk zein besteak berrikusiko dira hurrengo orrialdeetan.

  1. EUKOAEuskal Komunikabideen Audientziak (EUKOA) proiektua Irigoienazpikoa Egitasmoaren atal bat izan zen. Egitasmoa, funtsean, Andoaingo Udalak 2009an herriko eraikin batean hizkuntza ez hegemonikoen arteko topagunea eratzeko abian jarritako proiektua izan zen. Bertan kokatuko zen EUKOA ere, euskarazko komunikabideen audientziak neurtzeko erakundea (Evas et al. 2011/). Kataluniako Barometroaren ereduari jarraiki, fundazio bat osatzea proposatzen zen, hiru hankarekin: ikerlariak, administrazioa, eta komunikabide zein publizitate enpresak. Lagin handi bati egingo litzaioke galdeketa, eta CIESekin hitzarmenak egitea alboratzen ez bazen ere, haren lana gainditzeko asmoa zegoen: hala gobernantzan, nola galdetegian, laginean eta datuen bilketa metodologian ere.

    Azkenean Irigoienazpikoa Egitasmoak berak ez zuen aurrera egin, eta EUKOAren proiektua ere bertan behera geratu zen.

  2. KOBSKomunikabideen balio soziala (KOBS) aztertzeko proiektua Mondragon Unibertsitateko HEZIKOM ikerketa taldeak mahaigaineratu zuen 2015ean (Zuberogoitia et al. 2015/). Komunikabideen balio soziala neurtzearen helburua, ohiko aurrekontuetan eta diru mugimenduetan agertzen ez diren aldagaiak ere neurtzea da. Hain zuzen ere, komunikabide baten jardunak, zeharka, beste hainbat balio ere eragiten ditu. Komunikabide hori ez balitz existituko edo ez balu lan egingo, beste hainbat sektore edo enpresatan sortzen den aberastasuna ez litzateke sortuko. Hori neurtzea da balio soziala neurtzearen helburua (Bidegain et al. 2016/). Lehen saioan Berria eta Goienaren analisiak burutu ziren, baina analisia ez da berriro errepikatu.
  3. BehategiaHasieratik bertatik izan du Behategiak euskarazko komunikabideen audientziak ezagutzeko eta aztertzeko asmoa.

    Bere lan ildoen artean, informazio iturri ezberdinen bilketa eta ustiaketa egitea dago. Ildo honen barruan zenbait lan burutu dira honez gero:

    • CIESen datu base historikoa osatu. Berreskurapen lan handi baten ondoren 1984tik aurrerako datuak lortu ahal izan dira, CIESek neurtzen dituen komunikabide guztiak bertan hartuz. Datu base honen emaitza nagusiak Euskararen Adierazle Sisteman integratu dira.
    • CIESen datuak ustiatu. Horretarako Tom Micro softwarea erabiltzen da, 1997tik aurrerako datuak integratzea lortu delarik. Halaber, 2019an aldagai berri bat sartu zuen behategiak CIESen inkestan: elkarrizketatuaren lehen hizkuntza.
    • Telebistako audimetria datuak bildu eta aztertu. Batetik, 2000tik aurrerako EAEko audientzia datuak eskuratu dira Kantar Mediatik, ikusleen eta neurtutako etxeetako hizkuntza soslaiaren arabera. Bestetik 2020an hasi da egunez eguneko audientzia datuak jasotzen, hemen ere ikusleen hizkuntza soslaiaren arabera. Datuok ikerlarien esku jartzen dira Data Studio aplikazioaren bidez.

Datu bilketa handia izan arren, Behategia ez da gai izan, giza baliabide faltagatik, datuak modu sakon eta zabalean aztertzeko, haien baliagarritasuna lan puntualetan soilik ikus daitekeelarik.

Eskura dauden informazio iturrien ezaugarriak

Behategiak egiten duen lanaz gain, badira lehen eskuko informazioa biltzen duten zenbait erakunde eta tresna. Informazio iturri horiek bi multzotan sailka genitzake: komunikabideen zabalkundea zuzenean neurtzen duten iturriak, batetik; eta populazioaren komunikazio ohiturak neurtzen dituztenak, bestetik. Halaber, modu sistematikoan egiten direnak eta modu puntualetan egin direnak bereiz genitzake.

Komunikabideei dagokienez, beste banaketa bat aztertutakoaren estaldura izango litzateke: batetik euskarri ezberdinetako komunikabideak neurtzen dituztenak daude (CIES edo EGM kasu); bestetik euskarri zehatzetako komunikabideak neurtzen dituztenak (Google Analytics edo Kantar Media kasu). Bai eta komunikabide bakar bat neurtzen dutenak ere (inkesta propioak).

Laburpen gisa, hurrengo taulan ikus daitezke Euskal Herriko egungo komunikazio praktikak ezagutu nahi izanez gero eskura dauden informazio iturri nagusiak.

 

 

Informazio iturri hauen azalpen zabalagoa eta sarbidea Behategiaren webgunean aurki daitezke

 

Ondorioak:

 

Honez gero iturri ezberdinetatik bidutako hainbat informazio dago euskal herritarrek komunikazioaz egiten duten kontsumoari buruz. Baina informazio horiek partzialak, sakabanatuak eta ez osoak dira. Eta larriagoa dena: dagoen informazioa ez da aski komunikabideen estrategiak bideratzeko, ez eta hizkuntza-komunikazio politika diseinatzeko.

Premiazkoa da beraz euskararen biziberritzearen ikuspegitik komunikazio ohituren azterketa egingo duen sistema bat ezartzea.

Premiazkoa eta urgentea, komunikazio ohiturak oso arin eta oso sakon aldatzen ari direlako. Azken bost urtean, pantailek papera desplazatu dute idatzizko prentsaren irakurketan; horrek prentsaren irakurketa maila altuari eustea ahalbidetu du (irakurketa modua aldatu bada ere), baina Espainiako prentsak eskuratu ditu irabazi gehienak. Ikus-entzunezkoetan, duela hamabost urte jaiotako streaming zerbitzuek (bereziki Youtubek) arin desplazatu zuten telebista lineala gazteen artean; eta gurera 2016an iritsitako VOD plataformek (bereziki Netflixek) bultzada ikusgarria eman diote joera horri (Arana Arrieta et al. 2019/) (Arana Arrieta et al. 2021/). Mugimendu hauek eta beste hainbat maila globalean nola gertatzen ari diren badakigu jakin; baina euskara nola ukitzen duten, eta bereziki euskara biziberritzeko nola baliatu litezkeen, ezer gutxi.

Euskarazko medioekin zer gertatzen ari den, euskaldunak zer egiten ari diren, eta oro har euskal herritarrek hizkuntzekin nola jokatzen duten jakiteko, ezinbestekoa da sistema integral bat, informazio iturri ezberdinak jaso eta integratuko dituena, eta metodologia ezberdinak baliatuko dituena. Trafiko digitalaren neurketak aukera handiak ematen ditu, baina mugak nabarmenak dira (datu soziodemografiko eta linguistikorik eza, pertsona beraren kontsumo ezberdinak neurtzeko ezintasuna, eta abar). Inkestak, Europako herrialde guztietako inbertsio handiek erakusten duten bezala, ezinbestekoak dira; baina hauek ere muga handiak dituzte: udalerri mailako aldizkarien irismena neurtzeko ezintasun tekniko eta ekonomikoa, (laginketaren beharrengatik), edo azken orduko komunikazio praktikak neurtzeko zailtasuna, bi aipatzearren.

Inkestei gagozkiela, aukera ezin hobea dugu Hegoaldeko Euskal Herrian CIESen neurketekin. Mugak muga eta eztabaidak eztabaida, 1984tik hona metodologia egonkor batekin hainbeste komunikabideren kontsumoak neurtu izanak urrezko datuak ematen ditu euskarazko komunikazioaren bilakaera aztertzeko, bai eta Hego Euskal Herriko herritarrek (haien hizkuntza gaitasunen arabera) dituzten kontsumo ohiturak ezagutzeko. Halaber berebiziko tresna da euskarazko komunikabideek (ez denek, bai handienek ordea) publizitate merkatuan jokatzeko. Aukera hau ez dute, guk dakigula, Europako beste inongo eskualde gutxitutan. Bestalde, audimetria datuek Euskal Autonomi Elkartea unitate analisi gisa hartzea abantaila gisa hartu behar dugu, bere mugekin bada ere.

Unea iritsi da beraz hainbat urtetan zehar jiraka eta biraka ibili den, nahikoa adostasun lortua duen, eta eskura tresna sendoak izan ditzakeen sistema bat, euskararen biziberritzearen ikuspuntutik Euskal Herriko komunikazio ohiturak aztertuko dituen sistema bat alegia, abian jartzeko.

 

Erreferentziak

 

Anboto aldizkaria, Argia, EKT-Hitza, Elhuyar Fundazioa, Goiena Komunikazio Zerbitzuak, Pausumedia, Sustatu, eta Topagunea. 2012/. Herri ekimeneko euskal hedabideak. Gipuzkoa: Gipuzkoa Berritzen; Innobasque.

Arana Arrieta, Edorta, Bea Narbaiza Amillategi, Katixa Agirre Migelez, Asier Amezaga Etxebarria, Maialen Goirizelaia Altuna, Naia Laka Arrizubieta, Blanca Miguelez Juan, Itziar Zorita Agirre, Marina Aparicio, Itziar Orbegozo, Mikel Etxeberria, Aitor Perez, Itziar Azpeitia, eta Lontxo Sainz. 2019/. Ikus-entzunezko kontsumoa telebistan. UPV/EHU.

Arana Arrieta, Edorta, Bea Narbaiza Amillategi, Katixa Agirre Migelez, Asier Amezaga Etxebarria, Maialen Goirizelaia Altuna, Naia Laka Arrizubieta, Blanca Miguelez Juan, Itziar Zorita Agirre, Marina Aparicio, Itziar Orbegozo, Mikel Etxeberria, Aitor Perez, Itziar Azpeitia, eta Lontxo Sainz. 2021/. 2021-2022 panela: ikus-entzunezko kontsumoa. UPV/EHU.

Bidegain, Eneko, Igor Agirre, Jone Amonarriz Zubeldia, eta Ainhoa Larrañaga Elorza. 2016/. «Goiena eta BERRIA komunikabideen balio soziala: neurgailu berri baten lehen egokitzapenak, euskal prentsarako». Uztaro: giza eta gizarte-zientzien aldizkaria (Uztaro 98):79–96.

Cardús, Salvador. 2007/. «La mesura d’audiències a Catalunya: el Baròmetre de la Comunicació i la Cultura». Or. 287–91 in Informe de la Comunicació a Catalunya 2005-2006. Barcelona: Institut de la Comunicació. Universitat Autónoma de Barcelona.

Castelví, Albert. 2011/. «El director general del Baròmetre diu que “de moment” no està previst tancar-lo». Ara.cat, apirilak 6.

European Commission. d. g. «Eurostat». Berreskuratua 2011(e)ko martxoakaren 3a (http://epp.eurostat.ec.europa.eu/portal/page/portal/eurostat/home/).

Euskararen Aholku Batzordea. 2012/. Euskara Sustatzeko Ekintza Plana. Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia.

Evas, Jeremy, Fernando Williams, Elixabete Larrinaga, Josep Gifreu, eta Iban Arantzabal. 2011/. Irigoienazpikoa: hizkuntza ez hegemoniko edo maila ertainekoak hedabideetan eta IKTetan. Andoain: Andoaingo Udala.

Ofcom. 2020/. «Public Service Broadcasting (PSB)». Ofcom. Berreskuratua 2020(e)ko urriakaren 30a (https://www.ofcom.org.uk/tv-radio-and-on-demand/information-for-industry/public-service-broadcasting).

Publicom AG. 2017/. Audience and Media Use Research - An International Perspective.pdf. Kilchberg: Swiss Federal Office of Communications.

Sabaté, Joan. 2019/. «L’impacte de Les Institucions de Mesurament d’audiències En Els Mitjans Locals. Estudi Del Cas Català». Trípodos (46):137–56.

Zabaleta, Iñaki, Arantza Gutierrez, Carme Ferré-Pavia, Itxaso Fernandez, eta Nikolas Xamardo. 2018/. «Facts and Transformations in European Minority Language Media Systems amid Digitalization and Economic Crisis». International Communication Gazette 174804851875474. doi: 10.1177/1748048518754749.

Zuberogoitia, Aitor, Eneko Bidegain, Txema Egaña, eta Ainhoa Larrañaga. 2015/. «Komunikabideen balio soziala: ikergai berria euskarazko komunikazio-eremuan». jakin.eus. Berreskuratua (https://www.jakin.eus/gogoeta/artikuluak).


1 Artikulu hau HPSrentzat prestatutako txosten batean oinarrituta dago. Nahiz eta txosten hura gehienbat EAErako pentsatuta egon, oraingo honetan modu laburtuagoan ematen diren hanbat informazio daude bertan. Txostena Behategiaren webgunean aurki daiteke.

2 Prentsako informazioen arabera, batez beste urtero 2 milioi euro jarri zituen Generalitateak proiektuak iraun zuen bitartean (Vallespín, 2017). Kopuru hau Europako neurketa sistemen parametroen artean kokatzen da.

3 Salvador Cardús eta Joan Sabatérekin eginiko elkarrizketak, eta Helena Solàk emandako informazioak.