Elhuyarren Elia erabiliz lortutako itzulpen automatikoa
en
Urtekaria 2021 | Izar Mendiguren Cosgaya (Aiaraldea Komunikabide Faktoriako zuzendari)

2021eko maiatzean ireki zituen ateak Aiaraldea Ekintzen Faktoriak. 750 metro koadroko pabilioia Laudion kokatuta dago, eta bertan dago komunikabidea ere orain, Aiaraldea Kooperatiba Elkarteak euskaratik eta euskaraz sortutako kabi erraldoian. Baina, nola eta zergatik iritsi dira horraino?

 

Dena da posible. Nola liteke, bestela, Aiaraldea Komunikazio Leihoa gisa sortutakoa, Aiaraldea Ekintzen Faktoria bihurtzea? Eremu erdalduna izanagatik, euskararen normalizazioan eta komunikazioan eragiteko sortu zen 2010ean Aiaraldea Komunikazio Leihoa elkartea. 2017. urtera arte elkarte izaera zuen, harik eta bazkideek Aiaraldea Kooperatiba Elkartea bilakatzea erabaki zuten arte. Izan ere, hasiera bateko tresna edo proiektu hura Aiaraldea.com izenpean abiatu zena, nabarmen hazi zen; eta euskarazko tokiko komunikabide multimedia zenak eskualde osoko erreferentzialtasuna hartu zuen; bai webguneko edizioan (aiaraldea.eus) eta baita paperekoan ere (Aiaraldea Hemen hamabostekariaren 7.500 ale banatzen dira doan bi astetik behin bailarako garraio publiko, ikastetxe, saltoki eta enpresa guztietan; boluntarioek eginiko sare lan handiari esker). Euskaraz eta euskaratik tresnak sortzeko eratu zen egitasmoa bailaran, inguruko 9 udalerriak saretuz: Urduña, Amurrio, Aiara, Okondo, Orozko, Arrankudiaga-Zollo, Arakaldo, Laudio eta Artziniega. Eta istorioa historia bilakatu zen.

Gaur-gaurkoz, webgune anitz bat (aiaraldea.eus), papereko edizio zabal bat (hamabostekaria, udako ale berezia, eta urtekaria) eta sare sozial ugari (Twitter, Instagram, Facebook, Youtube eta Twich) kudeatzen ditu komunikabideak, Whatsapp eta Telegram difusio kanalekin batera. Guzti hori, kazetaritza profesionala eta herritarra uztartuta egiten da, lan boluntario handiari esker: komunitateko eragileak, norbanako iritzigileak, argazkilari eta banatzaile boluntarioak…. Denetik du hedabideak, eta guzti horiek egiten dute Aiaraldea Komunikabidea, Aiaraldea Ekintzen Faktoriako (hots, kooperatibako) 500 bazkideren hileroko babesa oinarri.

 

Aterpe berria

 

2021eko udaberrian -maiatzaren 15ean- ireki genuen Aiaraldea Ekintzen Faktoria, egitasmo orokorraren aterpe berria. Laudioko Gardea industriagunean kokatua dago, eta 750 metro koadroko pabilioia da. Bertan daude lanean Kooperatibako ildo guztietako proiektuak: Aiaraldea Komunikabidea, Kokoriko Hezkuntza Faktoria (Hezkuntza ildoa), Ekonomatua (Elikadura burujabetza ardatz duena), Komunika enpresa (Egitasmoa ekonomikoki sustengatzeko zerbitzu lerroa), Bor-bor feminismo ildoa (feminismoa errotzea xede duena) eta Faktoria (kultur sorkuntza, ekonomia sozial eraldatzailea, euskara eta beste zenbait balio gorpuzten dituena). Astelehenetik ostiralera goizez eta arratsaldez dago espazioa publikoki martxan, baita larunbat goizetan ere. Asteburuan, baina, programazio sozialaren arabera egoten dira ateak irekita.

Motzean, ateak zabalik daude euskararen etxera gerturatu nahi duen ororentzat. Izan ere, Faktoriak baditu berezko berezitasunak: euskara hutsezko arnasgunea da, beste balio batzuekin batera. Hots, euskararekiko zein feminismoarekiko konpromiso edo errespetua eskatzen da bertan egoteko; eta aho (ahobizi), belarri (belarriprest) edo bihotz (euskara jakin ez baina bere sentitzen duen jendea) gisa ematen diogu ongietorria lagun orori. Era berean, euskarazko komunikazioa eta programazioa sustatzen da asterik aste, orotariko ekintzen bidez: komunikabideko solasaldiak, kontzertuak, antzerkiak, liburu aurkezpenak, sukaldaritza tailerrak, afariak, 0-3 urtekoentzat mugimendu eta jolas askea, zirku tailerra, euskara eskolak, bertso eskolak, zunba taldea… Bidea hasi baino ez da egin, eta euskaraz sortutako bizitzeko proiektuak helmuga, etorkizun koloretsua du zain Faktoriak aurreikusi daitekeenez.

 

Bizitzeko Faktoria

 

“Bizitzeko Faktoria” da gurea, eta Faktoriari bizitza ematen diona. 2015-2020 gogoeta estrategikoan, euskarak behar -eta merezi- duen tokia eta espazioa izateko tresnak eta proiektuak sortzea jarri genuen iparrorratz, eta hamarkadaren erdiak eman du beretik: komunikabidearen proiektua sendotzeaz gain, espazio, ildo eta proiektu berriak egituratu dira Aiaraldea Kooperatiba Elkartearen baitan. Amesteko faktoriak ez du etenik, jendartearen eta gure hizkuntzaren beharrak eta ohiturak aldatzen doazen bezala. 2022-2025 fase honetan, ezaugarriak eta esparruak ugaritu diren heinean, marrazteke dugu oraindik amestu eta egin nahi dugun bidea. Hamarkada berri honek ere utziko du marka euskararen Faktorian eta komunitatean, ezbairik gabe. Euskara ez da helmuga guretzat, urratsak emateko bidea eta hautua baizik. Gauzak argi: ez dugu euskaragatik ezer egiten, euskarak egiten gaitu.

Nola iritsi gara honaino?

 

Auzolana eta elkarlana izan dira ziurrenik gakoak. Truko edo miraririk ez dago, baina formulak badu bere magia: komunikazio proiektua jaio zenetik eutsi zaio “sekretuari”; bakoitzak gustuko duen horretan egitea ekarpena, ahal eta nahi beste denbora eskainita.

Horri eskerrak, bide eta jauzi handiak eman ditu Aiaraldea komunikabideak 11 urteetan zehar, nahiz eta zenbait proiektu bidean gelditu: Aiaraldea Irratiak (euskara hutsezko internet irratia) 2 urteko jarduna izan zuen, eta antena bidez hedatzeko denbora eta diru inbertsioa handiegia zenez, izoztea erabaki zen (ikus-entzunezkoetan inbertituta). Udazkeneko Multimedia Eskolek ere utzi zuten beretik: boluntarioak eta langileak trebatzeko makina bat komunikazio ikastaro antolatu ziren 4-5 urtez. Nork daki, ezer ez da betiko, eta berriro helduko diogu nozbait, akaso. Dena den, antzerako jarduerak garatu izan dira: podkastak, komunikazio tailerrak, solasaldiak… Bizitza garai eta fase berrietara egokitzen jakitea da, eta horretan ere eraldatzen jakin behar du komunikabideak (eta euskarak).

Bidelagunen artean ere joan-etorriak ez dira falta izan. 13 langile, 80 bat boluntario aktibo eta 500 bazkide dira uneotan Aiaraldea Kooperatiba Elkarteak motore (eta makina bat lagun: norbanakoak, kolektiboak, bestelako erakundeak…). Izan ere, piezak moldatu ahala, tresna eta tresneria berriak diseinatu dira. Tentuz, ordea: ez dugu lortu behar euskarak komunikazioan bizirautea, jendartea euskara(z) bizitzeko alternatibak sortu edo sendotzea baino. Beste era batera esanda: euskara ez da gure helburua, tresna baizik.

Aiaraldea Komunikabidetik harago, Aiaraldea Ekintzen Faktoriaren nondik norakoak jarraitzeko webgune edo sare sozialak baliatu daitezke (faktoria.eus edota Aiaraldea Ekintzen Faktoriaren instagram, twitter eta Facebook kontuak).

Komunikabidea, balioen ispilu

 

Ildo editorialari jarraiki, 2020an zehaztu ziren medioak sustatu beharreko balioak, horretarako moduak eta jarraipenerako zein ebaluaziorako tresnak. Identitate komunitarioari tiraka, herritarren parte hartze eta elkarlanean sendotutako proiektua definitu zen orduan. Nola ez, zaintzari eta aitortzari erreparatzea eragin du horrek, kazetaritza profesionala eta komunitarioa uztartze aldera, ikuspegi eta identitate feminista batetik. Hargatik, Aiaraldea Komunikabide Kontseilua eratu zen iaz (2021), komunikazio egitasmoaren estrategiaren gidaritza gune gisa. Horren adierazle dira euskalgintzaren, feminismoaren, kultur sorkuntzaren, elikadura burujabetzaren, kulturartekotasunaren eta ekonomia sozial eraldatzailearen eduki andana ekoitzi izana.

 

Nola erakarri erdal komunitatea euskarara?

 

Zerk egiten du erakargarri halako proiektu bat? Erdal komunitatea euskarara erakartzeko mekanismoak anitzak izan daitezke. Gurean, hasiera-hasieratik irmoa izan da apustua: euskaraz saretu nahi dugu Aiaraldea. Horretarako, komunikazio tresnak sortzeaz gain irudiak eta multimediak garrantzia handia izan du beti, irudien lengoaiaren bidez euskarazko komunikazioa erdaldunengana iristea oso erraza baita. Esaterako, argazkietan edota bideoetan jasotzen den informazioa euskaraz emateak, balio eta aitortza soziala ematen diote euskarari, gure lan tresna esanguratsuenari. Horri, tokikotasunaren -eta hurbiltasunaren- lupa erantsi behar zaio, zeinetatik ekimen txikiak ere handi ikusi baitaitezke, kazeta pieza bakoitzaren atzean dagoen lanari esker (nagusiki, proiektu edo ekintzen bultzatzaileek egina, komunikabideak hizkiak eta irudiak baino ez baitizkio jartzen; nahiz eta prozesu horrek sekulako pisua izan bistaratzen den emaitzan). Alegia, Aiaraldea Komunikabideak bozgorailu efektua du, baina fokua non jarri erabakitzeko gaitasuna eta ahalmena ere. Eta biei jartzen zaie arreta.

Era berean, papereko zein webguneko edizioen bitartez bazterreko pertsona, identitate eta kultura asko dira denbora guzti honetan komunikabidearen ataritik pasatu direnak. Ezagutza eta ibilbide horien aitortza egiteaz gain, komunitatearen parte izatearen sentsazioa azaleratu du horrek. Nolabait esateko, erdal munduak eskaintzen ez duena ematen du Aiaraldeak euskaraz: tokiko gaurkotasuna eta jakintza, papereko zein Interneteko tresna eta multimedia formatu desberdinetan.

 

 

Erronka berriak 2022rako

 

Urte berriak uzta aurreikuspen oparoa dakar. 2021. urtea mugarri izan zaigun honetan, 2022ari begira gaude jada. Zentzu horretan, markatu ditugu dagoeneko gure lehentasunak. Zeintzuk izango dira Aiaraldea Komunikabidearen helburu estrategikoak, pandemiaren aro betean?

Batetik, kazetaritza profesionala eta herritarra (kolaboratiboa) uztartzea, komunitatearen aktibazioa eta jarraikortasuna bermatzeko, zaintzari arreta jarrita. Irakurleak, adituak zein arituak gonbidatu eta aktibatu nahi ditugu kazetaritza komunitariora.

Bestetik, komunitate eta kazetaritza digitalean sakontzea izango da lehentasun, eskualdeko gaurkotasunaren espazio digital eta erreferente bilakatuz (eta bisita datuak mantenduz edo hobetuz). Hirugarrenik, askitasun ekonomikoa handitzea izango dugu xede, dirulaguntzekiko menpekotasunik ez izateko publizitate eta bestelako eskaintzak eguneratuta.

Bestalde, kalitatezko kazetaritza areagotzeko asmoz, multimedia zein Internet tresna berriak txertatuko dira erredakzio lerroetan. Horri, sare sozialen estrategia eguneratzea gehitu behar zaio, gaur egun ezinbestekoak baitira bat-batekotasunari erantzuteko eta gertatzen denaren berri zabaltzeko.

Ildo beretik, 5 urte beteko ditu aurten Aiaraldea Hemen papereko hamabostekariak, eta itxura zein formatu aldaketa ekarriko du 2022. urteak proiektu horri dagokionez. Modu horretan nahi dugu papereko edizioa produktu erakargarriagoa eta erabilgarriagoa izatea, baita funtzio hezitzailea betetzea ere (hezkuntza komunitatean zein euskaltegietan).

Irudiak duen garrantziaren jakitun, komunikabidearen multimedia eskaintzari ere erreparatu beharko zaio, formatuz anitzagoa izateko. Horretarako, platoa atonduko dugu Faktorian, telebista saioak eta bestelako ikus-entzunezko piezak modu erraz eta sistematizatuago batean ekoizteko. Zuzeneko emisioak izango dira guzti horren erakusleiho. Norentzat edo zeri buruzkoak izango diren? Komunitatearen interesguneak identifikatzeko galdetegiak ditugu martxan, eta 2022ko lehen hiruhilekoan pilatuko ditugu Aiaraldeko haurren, gazteen eta hezkuntza zein komunitate zabalaren beharrak. Horretarako online inkesta aktibatuta dago 2021eko abenduaz geroztik, eta lantalde batek dihardu zeregin horretan buru-belarri. Zer nolako eskaintza dago Aiaraldea Komunikabidean haur eta gazteentzat? Gabezia horren jabe izanik, eurekin, eurentzat eta euskaraz ekoitzitako lanak osatzea nahiko genuke ikasturte honetan.

Guzti horrez gain, ohiko argitalpenak mantenduko dira, “Mugarriak 2022” urtekaria (200 orriko liburua), Aiaraldea Hemen hamabostekaria eta Udako aldizkaria. Dena den, ez dugu baztertzen Tubacexen greba mugagabeari buruzko proiektu propio bat plazaratzea, tokiko historiari lekua eta artxiboa eginez.

Azkenik, Aiaraldea Komunikabideak ekarpen komunitarioak egiteko jarduera edo ekimen sozialak garatzeari toki egin nahi diogu. Hain zuzen, iaz komunikabidetik abiatu genituen zenbait jarduera errepikatzeko asmoa dugu, herritarren eta eragileen aldetik harrera eta erantzun positiboa izan baitzuten. Horien artean daude “Indarkeria matxistaren aurka Aiaraldea dantzan” lehiaketa, edota bestelako zenbait ekimen: argazki lehiaketak, solasaldiak, ikerketak plazaratzea eta beste.

Horrenbestez, urtea itxi berritan, Faktoriaren magalean, iturri emankorra eta bizia dugu martxan 2022an ere. Ideien, beharren eta aukeren lapikoa bor-bor dago. Gure iturritik freskatu edo busti nahi?