2021. urtea ere pandemia urtea izan da, zoritxarrez, eta egoera zail horren luzapenak, osasun arloko arazoetatik harantzago, 2020an antzeman ziren kalte edota ondorioen sakontzea ekarri du eremu desberdinetan. Digitalizazioaren eremuan esaterako, aditu batzuen arabera, 2020. urteko zortzi astetan egoera normalean bost urte beharko lituzketen aldaketak gertatu dira munduan.
Gizarte aldaketa sakona eragiten ari ziren digitalizazioa bezalako prozesuak asko azkartu dira eta horrek guztiak ondorioak ditu, besteak beste, komunikazioaren munduan eta, noski, baita herri ekimeneko euskarazko komunikabideetan ere. Baina komunikabide guztien abiaburua ez da berdina, arrazoi desberdinengatik urte askoan, gehiegitan, euskarazko komunikabideek biziraupen estrategiak garatu behar izan dituzte aurrera egin ahal izateko eta horrek asko zaildu du komunikazioaren eremuan ematen ari diren aldaketa sakonetara behar bezala egokitzeko bidea. Eta hala ere, oro har, euskarazko komunikabideak ari dira testuinguru berrira egokitzeko ahaleginean, nahiz eta askotan pauso horiek ez diren nahi bezain azkar ematen.
Bada, azken urteotako pandemiak berez zaila izaten ari zen bide horri zailtasun gehigarria erantsi dio. Ekoizpen prozesua asko zaildu da eta paperaren kasuan banaketa ere bai, lantaldeen kudeaketa ere ez da erraza izan lehen momentutik langileen osasuna zaintzea lehentasun erabatekoa izan den heinean eta, noski, diru iturrietan ere ondorioak nabaritu dira, hasiera batean publizitatean batez ere, baina gerora baita salmentetan edota harpidetzetan ere. Horri guztiari azken urtean argindarraren, erregaien, teknologiaren edota paperaren beraren garestitze izugarria gehitzen badiogu, 2021.a ere euskarazko komunikabideentzat urte zaila izan dela ondorioztatu behar dugu.
Testuingurua zaila izanagatik baina, sektoreak bere bidea egiten jarraitzen du. 2020ko urtekarian pandemiak pandemia euskarazko komunikabideak aurrera begira ari zirela adierazi bagenuen, 2021eko honetan pauso berriak eman direla azpimarratu behar dugu, batez ere bi eremutan, finantzaketan eta berrikuntzan.
2022-2024 aldirako dirulaguntza deialdi berriak
Finantzaketari dagokionez, dirulaguntza eredu berriak hiru urte bete ditu eta ondorioz, 2021. urtean zehar 2022-2024 urteetarako deialdi berriak lantzen aritu gara Euskal Hedabideen Mahaian Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakunde publiko nagusiak eta sektorea. Jakina denez, orain dela zenbait urte sektoreak elkarrizketak abiatu zituen erakunde publikoekin finantzazio sistema berri bat adostu asmoz eta 2019aren hasieran iragarri zen dirulaguntza sistema berria.
Euskarazko komunikabideen sektoreak sistema berria norabide egokian emandako lehen pauso gisa baloratu zuen, oro har, sektoretik historikoki egin izan diren eskari nagusiak jasotzen zituelako, baina horrekin batera, norabide berean pauso berriak eman beharko zirela ere azpimarratu zuen.
Testuinguru horretan, dirulaguntza eredu berria lantzeko sektorearen eta erakunde publikoen artean garatutako bilera dinamika mantendu eta indartu beharra ikusi zen eta 2020an Euskal Hedabideen Mahaia jarri zen abian, bi aldeetako ordezkariekin. Mahaia sektorearen arazo eta erronken inguruan hitz egin eta ahal den heinean irtenbideak bilatzeko helburuarekin sortu zen eta azken bi urte hauetan sektorearentzat garrantzitsuak diren gaiak landu dira bertan, tartean 2022-2024 aldirako deialdi berriak.
Dirulaguntza eredu berriak hiru urte egin ditu jada eta, orokorrean, sektorearen egonkortasunerako aurrerapauso garrantzitsua suposatu duen arren, oraindik ez da sektorearen benetako beharrak asetzera iritsi eta horregatik sektoretik ahalegin berezia egin da 2022-2024 urteetarako deialdi berrietan hutsune horiek gaindi daitezen. Zentzu horretan Euskal Hedabideen Mahaian lan handia egin da deialdi berriak erakunde publikoekin adosten saiatzeko eta aurrerapauso batzuk egon diren arren, oraindik badago zer hobetu, ez baitira aintzat hartu sektoreak mahai-gainean jarritako hainbat oinarrizko eskaera.
Mahaia eratzea bera pauso garrantzitsua izan da sektorearen inguruan hitz egin eta hausnartzeko baina bere ibilbidea hasi besterik ez da egin. Sektoreak eta erakunde publikoek bide bat hasi dugu eta pauso berriak ematen jarraitu beharko da, besteak beste, berrikuntzaren eremuan. Izan ere, hori izango da sektoreak ondorengo urteotan sakontasunez landu beharko duen ildo garrantzitsuenetako bat. Beste hainbat sektoretan gertatzen ari den moduan, hedabideen sektoreak digitalizazio eta berrikuntza behar handiak ditu. Beste hitz batzuekin esateko, sektoreak hartzaileengana iritsi nahi badu trantsizio digitala egin beharra dauka, berrikuntzan sakondu beharra dauka, eta bide hori, ezbairik gabe, erakunde publikoek lagundu behar dute, ezinbestekoa den zerbitzu bat daukagulako jokoan. Zentzu horretan, administrazioari gai honekiko engaiamendu erabatekoa eskatzen diogu. Ezinbestean, erakunde publikoen bultzada beharko baitugu gure egitasmoak errealitate berrira egokitu, gure komunitateari ahalik eta eskaintza onena egin eta hartzaile berriengana iristeko.
Euskal komunikabideak berrikuntzaren bidean
Dirulaguntza deialdi berriarekin batera, 2020. urtean euskarazko komunikabideen sektoreak garatu duen ildo garrantzitsuena berrikuntzarena izan da. Gogoeta estrategikoan zehaztutako bideari jarraiki, Hekimen elkarteak lan ildo berria jarri zuen abian eta ildo horren baitan kokatzen da iazko udazkenean Orona berrikuntza gunean ospatu zen jardunaldia. Euskal komunikabideak berrikuntzaren bidean goiburuarekin egin zen saioan Herrialde Katalanetatik etorritako Carmina Crusafon, Genís Roca eta Jordi Font i Morató adituek hartu zuten hitza, komunikabideen eremuan berrikuntzak dituen erpin desberdinetan sakondu asmoz.
Erakundeetako ordezkariek ere haien tartea izan zuten eta bereziki azpimarratzekoa izan zen Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua den Bingen Zupiriak egindako hitzartzea. Komunikazioaren mundua bizitzen ari den eraldaketa prozesuaren kokapen zabala egin zuen eta bere sailetik komunikabideen berrikuntza prozesua nola ikusten duten ere azaldu zuen. Zehazki, proiektu berrientzat baliabideak eskuratzen laguntzeko konpromisoa hartu zuen sailburuak besteak beste.
Oronakoa baina, berrikuntzaren eremuan sektoretik eman den lehen pauso bat izan da, bizi dugun testuinguru berezia hobeki ulertzeko eta sektoreak aurrean dituen erronka nagusienak identifikatzen laguntzeko egin den lehen saiakera bat. Sektoreak berrikuntzaren inguruko planteamendu orokorra definitu du eta ikuspegi orokor hori zehaztu eta gurera egokitzeko bigarren irakurketa bat ere egina du. Are gehiago, elkartearen baitan Berrikuntza Batzordea jarri da abian, bigarren irakurketa horretan definitu diren hiru eremu nagusietan (komunikabide bakoitzaren berrikuntza proiektuak, sektore osoarentzat onuragarriak izan daitezkeen zerbitzuak eta elkarlanean gara daitezkeen egitasmoak) sektoretik zernolako egitasmoak bultzatuko diren definitzeko.
Ildo beretik, azpimarratzekoa da ere komunikabideetan berrikuntza sustatzeko Europan egon daitezkeen programa edo dirulaguntzak ezagutzeko sektoretik egin den ahalegina. Urriaren 29an Andoaingo Bastero kulturgunean “Komunikabideetan berrikuntza garatzeko finantzazio aukerak Europan” tailerra antolatu genuen Zabala aholkularitza enpresaren eskutik eta egitasmo jakin batzuetarako (gutxieneko tamaina batekoak, elkarlanean garatutakoak, hainbat herrialdetako eragileen partaidetza dutenak...) aukerak egon badaudela ondorioztatu ahal izan genuen. Blanca Rodriguezek Europan euskarazko komunikabideentzat interesgarriak izan daitezkeen programa eta deialdiak aurkeztu zizkigun eta Angel Etxeberriak berriz Espainiako estatuan egon daitezkeenak. Lehen hurbilpen bat izan zen, noski, baina saio interesgarria izan zen mugaz gaindi eremu horretan egon daitezkeen aukerez jabetzen hasteko.
Pandemiaren ondorioak eta erakundeen laguntza (eza)
Iazko urtekarian Covid-19aren pandemia euskarazko komunikabideetan eragiten ari zen ondorioak neurtzeko inkestaren berri eman genuen. Pandemia hasieran bazkideen artean egin genuen datu bilketaren arabera, ondorio nagusiena publizitatearen erorketa izan zen baina bestelako kalteak ere sumatzen hasi zirela ohartarazi genuen, esaterako, harpidetzen edota salmenten murrizketa. Pandemiak 2021. urtean ere iraun du eta zoritxarrez hasieran antzemandako ondorio horiek areagotu egin dira. Are gehiago, aipatutako horiei bestelako ondorio batzuk ere gehitu zaizkie, izan ere, pandemiak eragindako paperaren, argindarraren, erregaien edota teknologiaren garestitzeak are gehiago zaildu baitu euskarazko komunikabideen jarduna.
Pandemiak eragindako kalteak euskarazko komunikabideek ez ezik gainerako hedabideek ere pairatu dituzte eta egoera zail hori arindu asmoz, urte amaieran Eusko Jaurlaritzak komunikabideentzako dirulaguntza zuzenak iragarri zituen: 5 milioi euro, baina soilik komunikabide batzuentzat, gehienak gaztelania hutsean aritzen direnak eta beren tamainagatik egoera zailari erantzuteko baliabide gehiago dituztenak. Laguntza jaso dutenen artean euskarazko bi komunikabide baino ez dira kontuan hartu eta kopuru osoaren %6,6 besterik ez zaie esleitu. Bidezkoa ez den banaketa horrek, noski, haserrea eragin du euskarazko komunikabideen artean eta elkartetik ahalegindu gara Eusko Jaurlaritzak laguntza hori euskarazko gainerako komunikabideetara ere zabal zezan, baina oraingoz ez dugu horrelakorik lortu.
Hekimen elkartearen baitan euskarazko 50 komunikabide baino gehiago biltzen gara eta hauek 133 komunikazio egitasmo garatzen dituzte. Guztira 500 lagun baino gehiago ari dira lanean hedabide hauetan, asko egunkari, aldizkari, telebista eta irrati nazionaletan eta beste hainbat herri zein eskualdekoetan. Langile zuzen horiei 600 kolaboratzailek eta 1.000 boluntariok osatutako sarea gehitu behar zaie. Izan ere, euskarazko hedabideen eskaintza anitza, zabala eta aberatsa da eta horri esker, egunero milaka laguni euskaraz bizitzeko aukera eskaintzen zaie.
Azken zortzi urteotan Hekimen elkarteko komunikabideetako webguneen trafikoa hirukoiztu egin da, 2013an 12 milioi saio izatetik 2021ean 36,6 milioi saio izatera pasaz. Bestela esanda, gaur egun webgune horiek guztiek 100.000 saio baino gehiago izaten dituzte egunero. Astean zeharreko irakurleak zenbaturik euskal prentsa nazionalak 120.000 kontsumitzaile baino gehiago dauzka eta tokiko prentsak 200.000 baino gehiago. Euskarazko komunikabideek milaka eta milaka laguni euskaraz bizitzeko aukera bermatzen diete. Bada, pandemiak gainerako komunikabideak bezala kolpatu dituen arren, ikusten denez, ez dituzte Covid-19ak eragindako kalteak arintzeko laguntza publikoak merezi.
Espainiako ikus-entzunezkoen lege berria
2021. urteari komunikazioaren ikuspegitik errepasoa egiten ari garen honetan, ezin aipatu gabe utzi Espainiako ikus-entzunezkoen legea berritzeko egitasmoa. Uda aurretik izan genuen Espainiako Gobernuaren asmo horien berri eta lehen zirriborro bati zuzenketak egiteaz gain, proposamen horiek euskal alderdi nagusiei helarazteko pausoak ere eman genituen. Euskalgintzaren Kontseilua ere norabide berean eragin nahian zebilela ikusirik eta beste hizkuntza komunitateetako erakundeekin elkarlanean ari zela jakinda, beraiekin elkarlanean aritu gara hilabete hauetan guztietan. Elkartearen helburu orokorra ondorengoa izan da: hizkuntza aniztasuna gehiago errespetatzen duen proposamen bat egin behar dela aldarrikatzea, nagusiki hizkuntza gutxiagotuek ikus-entzunezkoetan orain duten presentzia urria areagotzeko bidea eskainiz eta haien presentzia kuota bidez bermatuz.
Esan bezala, Euskalgintzaren Kontseilua beste hizkuntza komunitateekin elkarlanean ari da alderdi desberdinei zuzenketak helarazi eta lege proposamenean hizkuntza gutxiagotuak kontuan hartuak izan daitezen baina, oro har, Espainiako Gobernuko alderdiek ez dituzte proposamenak onartu. Oraindik ere ikusteko dago lege berria zertan geratuko den, izan ere, 2022rako Espainiako aurrekontuen negoziaketen testuinguruan gobernua sostengatzen duen ERC alderdiak neurri batzuen inguruko akordioa lortu zuela eman zuen ezagutzera. Edozein kasutan eta azken berrien arabera, badirudi alderdien artean adostutakoa hizkuntza komunitate desberdinetako elkarteek egindako eskaeretatik urrun egongo dela eta ondorioz balizko lege berriak ere ez dituela ikus-entzunezkoen eremuan hizkuntza gutxiagotuetako hiztunon eskubideak bermatuko.
Baina ikus-entzunezkoen eremuan bestelako berriak ere izan genituen iaz. Streaming plataforma desberdinetan euskarazko edukiak areagotzeko helburuz lehenagotik ere ekimen desberdinak abian ziren arren, iazkoak horiek guztiak batu eta Pantailak Euskaraz ekimena jarri zuten abian. Euskarazko komunikabideen sektoreak ekimen bateratuaren aurkezpen agerraldian parte hartu zuen eta urte amaieran Durangoko azokan egin zen manifestuaren aurkezpenean ere bai.
Adituen arabera 2022rako ikus-entzunezkoek eragingo dute interneteko trafikoaren %82 eta zoritxarrez euskarazko ikus-entzunezkoen eskaintza oso oso urria da, ur tantak baino ez itsaso zabalean. Azken urteotan beste hizkuntzetan eskuragarri dagoen eskaintza esponentzialki hazi den bitartean euskarazkoa, kasurik onenean, mantendu egin da, murriztu ez bada, eta horrek oso egoera zaurgarrian uzten du gure hizkuntzaren, gure hiztun komunitatearen, etorkizuna. Erakunde publikoen esku hartzea ezinbestekoa da egoera iraultzen hasteko, euskarazko edukien biderkatzea eta eskuragarritasunean pauso garrantzitsuak emateko. Hori da Pantailak Euskaraz ekimenaren helburu nagusia eta bide horretan garrantzitsua izango da ere sektorearen bultzada.
Euskal komunikabideen jarduna 2021. urtean
Ikus daitekeenez, 2021. urtean ere, oztopoak oztopo eta pandemiak pandemia, euskarazko komunikabideen sektoreak aurrera jarraitzen du. Asko izan dira euskarazko komunikabideek 2021ean zehar eman dituzten pausoak eta ezinezkoa da horiek guztiak hemen jasotzea. Ondorengo lerroetan esaten ari garen horren guztiaren lagin txiki bat aipatuko dugu.
Urtea berri onekin hasi genuen, besteak beste, euskarazko komunikabide desberdinen arteko elkarlan egitasmo berritzaile bat iragarri baitzuten. Heraldabide izeneko egitasmoan, Berria taldeak, Kanaldudek, eta Hamaika telebistak eta Antxeta Irratiak parte hartzen dute Elhuyarren laguntzarekin, eta beren helburua, adimen artifiziala baliatuz, euskarazko hedabideen garapenerako tresna berriak sortzea da, batez ere itzulpen automatikoaren eremuan.
Urte hasieran ere Oarso Bidasoako Hitza astekariak aldizkari formatua hartu zuela jakin genuen, 16 orrialde izatetik 32 izatera pasaz eta diseinua eraberrituz. Eta noski, edukia eta mamia ere aldizkari formatu berrira egokituz. Euskarazko komunikabideen sektorea bizirik dagoela eta etengabe berritzen ari den seinale.
Bestalde, urteko lehen hilabete horietan EITBko zuzendaritza talde berria iragarri zuten eta horrek hainbatengan komunikazio talde publikoak euskarari dagokionez norabide berria hartuko duen itxaropena eragin zuela esan daiteke, sortu zenean legez aitortu zitzaion euskara sustatzearen aldeko funtzioa berreskuratuko duen esperantza.
Bi hilabete beranduago, apirilean, EITB Podkast plataforma jarri zuten abian eta estreinaldiaren egunean gaztelaniazko podcastak euskarazkoak baino ugariagoak ziren arren, plataformaren arduradunaren arabera, “euskararen aldekoa izango da apustua”.
Maiatzean Gasteizko Legebiltzarrean Ikus-entzunezko hedabideen kontseilua sortzeko lege proposamena eztabaidatu zen EH Bilduren eskariz eta sektoreko hainbat aditu zein eragilek proposamenaren aldeko jarrera agertu bazuten ere, Jaurlaritza sostengatzen duten alderdiek uko egin zioten proposamenari eta berriro ere, Katalunian ez bezala, horrelako erakunderik gabe jarraituko du ikus-entzunezko sektoreak.
Testuinguru horretan, ekaina hasieran aurkeztu zuen bere burua Pantailak Euskaraz ekimenak, Netflix Euskaraz eta Disney Euskaraz herritar taldeen, Tinko euskara elkartearen eta Bieuse bikoizleen elkartearen sustenguarekin. Aurrez aipatu bezala, euskalgintzako hainbat erakunderen babesa bereganatu du jada ekimenak, haien artean Hekimen elkartearena.
Argiak bere webguneen jarraipena egiteko Google multinazionalaren Analytics tresna famatua erabili ordez software askean oinarritutako Matomo aplikazioa erabiltzeari ekin zion 2021. urtean, azken urteotan burujabetza teknologikoaren bidean pauso berri bat emanez.
Ekainaren amaieran, EHUren Udako Ikastaroen baitan, audimetria sistemen inguruko saio interesgarriak entzun ahal izan genituen Donostiako Miramar jauregian, eta besteak beste, Euskal Hedabideen Behategiko koordinatzaile Libe Mimenzaren hitz hartze interesgarria ere jarraitzeko parada izan genuen.
Udazkenean Tokikom-ek urtero egiten duen sari banaketa egin zuen Komunitatea josten goiburupean, baina ez zen horretara mugatu eta nazioarteko adituak gonbidatu zituen negozio eredua, hedabide orokor eta tokikoen arteko elkarlana edota digitalizazioa bezalako gaien inguruan aritzeko.
Azaroan jakin genuen EITBk Primeran izeneko streaming plataforma abian jartzeko asmoa zuela baina EITB Podkast plataformarekin gertatu bezala, sektoreko hainbat profesionalek euskarak egitasmo berrian izango duen tokiaz kezka agertu zuten eta gure hizkuntzak talde publikoaren plataforma berrian nagusi izan beharko lukeela azpimarratu zuten.
Urte amaieran aurkeztu zuten ere Martin Ugalde bekaren laguntzaz Eneko Bidegain, Ainhoa Larrañaga eta Zuriñe Hidalgo Huheziko irakasleek idatzitako Izan ala ez izen? Euskal Herriaren irudikapena euskal hedabideetan liburua eta kezkatzeko arrazoiak badaudela erakutsi zuten, maiz gure herriaren irudikapena ez delako beharko lukeena eta, besteak beste, agerian utzi zuten agenda propio baten beharra.
Urtea berri onekin amaitu genuen ordea. Alde batetik, Tokikom, Goiena, Codesyntax eta Vicomtech lantzen ari diren Adimen egitasmoaren berri izan genuen, multimedia edukien artxibo digital aurreratura bideratutako soluzio berritzailea izango dena. Bestetik, Berriari Emakunderen Berdintasun saria eman zioten, feminismoarekin eta berdintasunarekin duen konpromisoagatik. Eta azkenik, Hamaika telebistak Gasteizen egoitza berria ireki zuela ere jakin genuen. Talde berria abenduan hasi zen lanean eta telebistak fundazioa ere abiatu du edonork egitasmoa diruz babesteko aukera izan dezan.
Egitasmo berriak beti dira berri ona gurean, urteak betez doazen euskarazko komunikabideen albisteak bezala, izan ere, zorionez 2021. urtean zehar euskarazko komunikabideek beren urteurrenak ospatu dituzte, batzuek borobilak eta beste batzuk ez hainbeste, baina edozein kasutan horiek guztiak zoriontzeko baliatu nahiko nituzke idazki honen azken lerroak. Hogei urte bete zituen iaz Sustatu.eus webguneak eta bi hamarkadako ibilbidea egin zuten ere Arrosa irrati sareak eta Bilboko Deustualdeko Prest! aldizkariak. Hogei gutxi ez eta iaz halako bi, 40 urte, bete zituztenak ere izan dira, Lapurdiko Gure Irratia eta Aizu aldizkaria. Zorionak horiei eta zorionak gainerako guztiei ere.
Izan ere, oztopoak oztopo eta pandemiak pandemia, euskarazko komunikabideek aurrera jarraitzen dute, sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik. Hekimen elkarteak berak ere aurtengo azaroan beteko du bere lehen hamarkada eta hori ere bada zerbait. Ea guztiok beste horrenbeste egiten ditugun, komunikabideek beren ezinbesteko jardunean eta elkarteak beraiei laguntzen. Hori baita gure egitekoa, euskarazko komunikabideen garapen eta hedapenean laguntzea. Aurten ere zuen ondoan izango gaituzue.